Talde getxoztarrak hasieratik hartu zuten neurketaren gidaritza, eta markagailuan aurrea hartu zuten Van Wyken entseguagaz. Ondoren, Iradik beste entsegu bat sinatu zuen, bihurketagaz batera, eta bi zigor-kolpe ere sartu zitutzen, Valenciak bere lehen puntuak eskuratu aurretik. Atsedenaldira 18-7ko markagailuagaz joan ziren.
Bigarren zatian, ordea, valentziarrak indartsuago zelairatu ziren eta etxekoak estutu zituzten; une batzuetan, etxekoek garaipena kolokan ikusi zutela ere antzeman zen. Hala ere, Getxok defentsan estutu zituen hortzak, eta azken txanpan eutsi zion, neurketa ixteko eta finalerako txartela poltsikoratzeko.
Beste finalerdian, Alcalak ezustekoa eman zuen Bilbon: partida oso parekatuan, azken jokaldian sartutako entseguak eta bihurketak eman die garaipena madrildarrei, eta Universitario Bilbao Rugby kanpoan utzi zuten. Horrenbestez, Fadurak denboraldiko azken partidua hartuko du: igoeraren finala, Getxo Rugbyren eta Alcaláren artean, DH Élite mailarako plaza jokoan.