Getxo Rugbyk DH Elite mailara igotzeko finalaurrekoa jokatuko du domekan Faduran, CAU Valenciaren aurka

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 29a

Partuidua domekan jokatuko dute, 12:30ean, Fadurako zelaia. © GETXO RUGBY

Getxo Rugbyko senior taldeak aukera historikoa izango du domekan, maiatzaren 31n, DH Elite mailara igotzeko bidean aurrerapauso erabakigarria emateko: CAU Valencia hartuko du Fadurako zelaian, 12:30ean hasiko den finalaurrekoan. Taldeak zaleei dei egin die harmailetara bertaratzeko, partidaren garrantzia eta aurkariaren maila kontuan hartuta.

Ander Calvo jokalariaren esanetan, kanpotik "erraza" emon arren, neurketa ez da samurra izango: "Partidu erraza dirudien arren, ez daukat zalantzarik bueltako neurketa estua izango dala, konplikazio askogaz; CAU indartsu etorriko da, sendotuta eta irabazteko gogoagaz". Horregatik, Getxoko taldea kontzentratuta irtengo da, aurkariak erritmo eta intentsitate handia jarriko dituela aurreikusita.

Igoerak, Calvok nabarmendu duenez, jauzi handia ekarriko lioke taldeari: "Hurrengo elite mailara igotzeak maila-igoera oso garrantzitsua suposatuko dau; urte osoan intentsitate handiko maila baten lehiatzeko aukera emongo digu, eta taldeak etengabe hazteko aukera izango dau". Halere, exijentzia handiagoa dator horregaz batera: "Bidai gehiago egon behar dira, partiduak gogorragoak dira eta lesioen probabilitatea handiagoa izan daiteke", aitortu du.

Partiaren garrantzia ikusita, zaleei dei egin die Calvok: "Oso garrantzitsua da domekan jende guztiak etortzea animatzera; zelai barrutik, bultzada ikaragarria da, eta batzuetan horrek erabakitzen dau amore emon ala buelta emon eta partidua aurrera ateratzea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun