Itxarturen historia ez da soilik urte kopuru baten kontakizuna. Berrogeita hamar urte esatea erraza da; zailagoa, ordea, urte horien atzean pilatu den guztia neurtzea: entseguak, plazak, bidaiak, jantziak, musika, ikerketa, belaunaldiak eta, batez ere, herri baten kulturarekiko konpromisoa. Itxartu ez zen hutsetik sortu. Garai baten beharrari erantzun zion; barruan gordeta zegoen zerbait kalera ateratzeko premiari.
Asier Bilbaok argi kokatzen du taldearen abiapuntua. "Nik uste dut punturik garrantzitsuena Franco hil zela dela", dio. Frankismoaren ondoren, Euskal Herri osoan "berpizkunde bat" gertatu zela gogoratzen du, eta giro hartan sortu zirela hainbat dantza talde. Itxartu ere testuinguru horretan jaio zen: gogoa, ilusioa eta kultura berreskuratzeko nahia uztartuta.
"Frankismoaren ondoren, jendeak sentimenduak gordeta zituen; momentu hura izan zen barruan geneukana askatzeko unea"
Hasiera haietan, taldeak lokal bat izan zuen entseatzeko, eta bi pertsona aipatzen ditu Bilbaok bereziki: Arantza Zubillaga txistularia eta Iñaki Uria. Biak bertakoak, biak euskal dantzak irakasten aritutakoak. Larunbat goizetan hasi ziren entseatzen, baliabide handirik gabe, baina energia berezi batekin. "Frankismoaren ondoren, jendeak sentimenduak gordeta zituen; momentu hura izan zen barruan geneukana askatzeko unea", azaldu du.
Bost hamarkada hauetan, ordea, Itxartu ez da hasierako molde berean geratu. Tradizioa lantzea ez baita soilik jasotakoa errepikatzea; ikertzea, ulertzea eta zaintzea ere bada. Bilbaok dioenez, une batean taldeak galdera bat egin zion bere buruari: zer ari gara dantzatzen, eta nondik dator hau guztia? Hortik aurrera, dantzen jatorria, jantziak, tresnak eta dantzatzeko moduak aztertzen hasi ziren.
"Dantzen jatorria zein zen jakin nahi izan genuen", dio. Informazio hori jaso, landu eta taldera ekarri zuten gero. "Gure dantzatzeko era moldatu genuen, gure jantziak moldatu genituen… tradizioari jarraituz". Horrela, errepertorioa ere zabalduz joan zen. Hasieran inguruko dantzek pisu handiagoa bazuten ere, denborarekin Gipuzkoakoak, Bizkaikoak, Lapurdikoak, Zuberoakoak eta Behe Nafarroakoak ere landu dituzte.
Gaur egun, Bilbaoren hitzetan, "denetarik" egiten dute. Baina hitz horren atzean urte askotako lana dago: teknika egokitzea, folklorearen ikuspegia fintzea, jantziak zaintzea eta dantzari belaunaldi berriei hori guztia transmititzea. Itxartuk ez du tradizioa beirazko kutxa batean gorde nahi izan; mugimenduan mantendu nahi izan du.
"Inplikazioa behar dugu, baina kostatzen da, asko"
Baina 50 urteko ibilbide batean dena ez da distiratsua. Bilbaok errealismoz hitz egiten du dantza taldeen egoeraz. Boluntariotzan oinarritutako jarduna da, eta horrek inplikazioa eskatzen du. "Iristen da momentu bat non dantzari gutxi geratzen diren", aitortzen du. Zikloak dira, talde askotan gertatzen direnak. Arazoa, askotan, konpromisoari eustea da: "Inplikazioa behar dugu, baina kostatzen da, asko".
Gizartea ere aldatu egin da. Lehen, Bilbaoren belaunaldiarentzat, dantza beste modu batean bizi zen. "Guk dantzak gureak sentitzen genituen", dio. Gaur egun, gazteek aukera ugari dituzte: futbola, saskibaloia, waterpoloa, ingelesa, musika… Eta eskaintza zabal horren barruan, dantza sarritan bigarren plano batean geratzen da. Bereziki mutilekin sumatzen du hori: futbolak indar handia du, eta dantza ez da beti lehen aukera.
Hala ere, aldaketa horrek badu beste irakurketa bat ere. Bilbaok Gerra Zibilaren garaia ekartzen du gogora: orduan, gizonik ez zegoenez, emakumeek egin behar izan zuten askotan gizonezkoen dantzen jarraipena. "Emakumeek jarraitu behar izan zuten tradizioarekin", dio. Gaur egun ere, neurri batean, horrelako zerbait berreskuratu da: neskek mutilen dantzak egiten dituzte. Tradizioak, bizirik dagoenean, badaki garaietara egokitzen.
"Niretzat politena kanpoan dantza egiten hasi ginenean izan zen"
Itxarturen oroimenean badira bereziki markatutako uneak. Bilbaorentzat, batetik, garrantzitsua izan zen dantzak, jantziak eta lan egiteko modua berritu zituzten garaia. Baina bada beste oroitzapen bat, are emozionalagoa: Euskal Herritik kanpo dantzan hastea. "Niretzat politena kanpoan dantza egiten hasi ginenean izan zen", dio. Alboko herrietan aritzea garrantzitsua zen, baina kanpora ateratzeak beste dimentsio bat eman zion taldeari.
Argentinan ere izan dira, Euskal Etxe batean, eta penintsulako hainbat lekutan ere dantzatu dute. Gazteentzat, gainera, bidaiak motibazio iturri handia dira. "Kultura erakusteko aukera paregabea da", dio Bilbaok. Hala ere, bidaiatzeak eta emanaldiak antolatzeak badu alde zailago bat: dirua; izan ere, "zaila da dirua lortzea". Autobusak, jantziak, materiala eta bestelako gastuak ordaindu behar dira, eta diru-laguntzekin eta emanaldiekin moldatu behar izaten dute.
Horregatik, Itxartuk beste bide bat ere landu du urte hauetan: dibulgazioa. Taldearentzat dantza ez da pausoen segida hutsa. Dantza, musika, ikerketa eta euskara elkarrekin doaz. "Gure helburuen artean dibulgazioa eta euskara daude", azaldu du Bilbaok. Euskal erromerien inguruko ikerketak egin dituzte, baita musikari lotutako lanak ere, eta horiek udaletxeetan aurkeztu izan dituzte. Horrek erakusten du Itxarturen jarduna ez dela plazan amaitzen; ezagutza sortu eta partekatzeko borondatea ere badu.
Urteurren berezi honek egitarau oparoa ekarri du. Bilbaok musikarien topaketak nabarmendu ditu bereziki: txistulariak, albokariak eta trikitilariak. Helburua kaleak girotzea, herritarrak hurbiltzea eta musikaren bidez ospakizunari arnasa ematea da. Horrelako ekimenek harrera ona badute, etorkizunean mantentzeko aukera ere aztertuko dute. Horrez gain, aurten ere Folklore Dantzaldi Internazionalean parte hartuko dute, ohiko moduan.
"Gure helburuen artean dibulgazioa eta euskara daude"
Ospakizunak ospakizun, Bilbaok ez du handikeriarik bilatzen. Itxartuk bere izaera herrikoia mantendu gura du. Herritik sortua, herriarentzat aritua eta herriari begira bizi den taldea da. Hor dago, hain zuzen ere, bere indarguneetako bat; hau da, plazagaz duen lotura.
Itxartuk baditu txikiak, ertainak, nagusiak eta helduak; belaunaldi ezberdinek osatutako egitura du. "Guk etorkizuna dugu", dio. Ez da kexu ageri, alderantziz, taldearen egoeragaz pozik dago. Urtero dantza berri bat ateratzen dute, eta oraingoz bide horri eutsi nahi diote: "Gure osasuna, dantza talde moduan, ez dago arriskuan".
Agian, etorkizunari buruzko esaldirik esanguratsuena beste hau da: "Gu ez gaude ikusten zelan jarraitu, baizik eta zer egin". Ez da gauza bera. Lehenengoak biziraupena iradokitzen du; bigarrenak, proiektua. Itxartu ez dago soilik irauteko modua bilatzen. Itxartu zer egin, nora jo eta zer eskaini pentsatzen ari da.
Azken batean, taldearen balioak ideia batean bil daitezke: kultura ikasi, prestatu eta herriari erakustea. "Guk kultura mantendu eta ateratzen dugu", dio Bilbaok. Eta hori euskaraz egiten dute, dantzaren, musikaren eta ikerketaren bidez.
"Guk kultura mantendu eta ateratzen dugu"
Berrogeita hamar urte bete ondoren, Itxartuk ez du iraganari begira bakarrik dantzatzen. Memoria darama oinetan, baina begirada aurrera dauka. Izan ere, tradizioa ez da soilik atzo gertatu zena. Norbaitek hartu, landu eta hurrengoari ematen dionean, etorkizun bihurtzen da.