Erakusketak Aranzadik hamar urtez egindako lana biltzen du: Afrika, Europa, Asia eta Amerikako hamar herrialdetan estudio eramangarri bategaz jasotako irudiak dira, beraientzako lurra galdu duten edo inoiz izan ez duten pertsonen aurpegiak erakusten dituztenak. Asturiasko Gobernuak finantzatutako erakusketa da, eta Getxora helduko da Gijongo Barjola Museotik igaro ostean; ondoren, estatuan barrena ibiliko da.
Aranzadik azaldu du arrazoi askorengatik gertatzen da erbestea: emakumeen kontrako indarkeria, aldaketa klimatikoa, gerrak, garbiketa etnikoa, sexu-orientazioa edota herri indigenen egoera, besteak beste; eta helburu nagusietako bat da errealitate horiek "izendatzea", "ez ahazteko lehen urratsa" delako.
Getxoko Udaleko Gizarte Kohesioko zinegotzi Carmen Diazen esanetan, "balio sozial handiko erakusketa da, lurra galdu zuten pertsonak aintzatesten dituena", eta Getxo "askotan ikusezin" geratzen diren "errealitate globalekin" lotzen laguntzen duela nabarmendu du; haren hitzetan, "erbesteari aurpegia jartzen dio, bere kausak salatzen ditu eta bere lurraldeetatik kanporatutako pertsonak zifretara murriztuta eta ahaztuta ez geratzera laguntzen du".
Erakusketa bihar 19:00etan inauguratuko dute, Aranzadik berak gidatutako bisitagaz, eta bisita bera ekainaren 25ean ere egingo du, ordu berean. Ordutegia honakoa izango da: astelehenetik ostiralera 08:30etik 21:30era, eta asteburuetan 09:30etik 20:30era.