Areetako hondartzako uraren kalitatearen berri emango zaie egunero getxoztarrei

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 4a

Areetako hondartzak ezaugarri bereziak ditu, Nerbioi itsasadarraren bokalearen inguruan dagoelako.

Getxoko Udalak informazio-sistema berria jarriko du martxan uda honetan, Areetako hondartzako uraren kalitatea egunero ezagutarazteko. Neurriaren bidez, ur-laginak egunero hartu eta aztertuko dituzte, eta emaitzak ordu gutxiren buruan argitaratuko dituzte, bai hondartzan bertan, bai Udalaren webgunean.

Udalak azaldu duenez, Areetako hondartzak ezaugarri bereziak ditu, Nerbioi itsasadarraren bokalearen inguruan dagoelako.

Horren ondorioz, uraren egoerak aldaketa puntualak izan ditzake mareen, korronteen edo euriteen eraginez. Horregatik, eguneroko analisiek informazio eguneratuagoa eta erabilgarriagoa eskainiko diete erabiltzaileei.

Sistema berriak ez ditu Osasun Publikoaren kontrol ofizialak ordezkatuko, osatu baizik. Kontrol ofizialek hainbat denboralditako datu historikoetan oinarritutako sailkapena ematen dute; Udalaren eguneroko analisiek, berriz, unean uneko bilakaera hobeto ezagutzeko aukera emango dute.

Ur-laginetan adierazle mikrobiologiko nagusiak aztertuko dituzte, bereziki Escherichia coli eta hesteetako enterokokoak. Erabiliko den teknologiari esker, emaitzak azkar lortu ahal izango dira, eta uraren kalitatea ohiko kategorien arabera jakinaraziko dute: bikaina, ona, nahikoa edo eskasa.

Gainera, hondartzak bere ezaugarrietara egokitutako seinaleztapen berezia izango du. Denboraldi osoan “bainua ez da gomendatzen” mezua mantenduko da, uraren kalitateari buruzko eguneroko informazioagaz batera. Horrez gain, bainurako segurtasun-baldintzak adierazten dituen ohiko bandera-sistema ere erabiliko da.

Azken urteetako datuen arabera, uraren kalitatean aldaketak gertatzen direnean, egoera egokia berreskuratzeko batez besteko epea bi eta hiru egun artekoa izaten da. Udalaren ustez, sistema berriak lagunduko du hondartzaren bilakaera hobeto jarraitzen eta herritarrei informazio argiagoa eskaintzen.

Bainua gomendagarria ez den egunetan, Udalak gogorarazi du Ereagara joateko autobus-zerbitzua egongo dela familien eskura, hondartzaz gozatzeko beste aukera bat eskaintzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun