Antolatzaileek bisita Algortako Azokako informazio-puntutik hastea gomendatu dute, bertan ibilbidearen mapa eta jaialdiari buruzko argibide guztiak eskuratu daitezkeelako. Erakusketa-guneak herrian zehar oinez eta modu lasaian bisitatzeko diseinatuta daudela ere baieztatu dute. Aurten 14 herrialdetako 23 artistaren lanak bildu dituzte, eta 26 jarduera osagarri antolatu dituzte.
Jaialdiak emandako datuen arabera, 5.000 pertsona inguru joan dira daborduko barruko hamar erakusketetara, eta aire zabaleko instalazioak 75.000 bisitarik baino gehiagok ikusi dituztela kalkulatu dute. Antolatutako jardueretan 2.500 lagunek baino gehiagok parte hartu dute zuzenean, eta webguneak 50.000 erabiltzaile desberdin jaso ditu. Euskal Herritik ez ezik, Kantabriatik, Asturiastik, Errioxatik, Bartzelonatik eta Madrildik heldutako bisitariak izan dira, baita Herbehereetatik, Italiatik, Frantziatik eta Kanadatik etorritakoak ere.
Edizio honetako berrikuntza nagusietako bat Getxophotoren artxibo digitala da. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez erabilgarri dagoen bildumak jaialdiaren historian parte hartu duten ia 400 artisten lanak, biografiak eta instalazioen irudiak jasotzen ditu. Artxibo horren bertsio fisikoa, Inventarium, Getxophoto artxiboa erakusketa, Algortako Azokan egongo da ikusgai irailaren hasierara arte, Sirenoa photocall-argaz batera.