"Irurak Bat" auzia

Getxoko PPren ustez, barikuko deklarazioek norabide erabakigarria eman diezaiokete 'Irurak Bat' auziari

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 17a

Oraingoz, 'Irirak Bat' auziak instrukzio-fasean jarraitzen du, eta inplikatutako parteak ari dira epailearen aurrean deklaratzen.

Getxoko PPk adierazi du ekainaren 19an Bilboko instrukzio-epaitegian egingo diren deklarazioek inflexio-puntua eragin dezaketela 'Irurak Bat' jauregitxoaren eraisketaren inguruko ikerketan. Egun horretan Urko Balciscueta epaitegiak izendatutako perituak eta Amaia De Felipe udal-arkitektoak deklaratuko dute, San Nikolas kaleko 11. zenbakiko eraikinari emandako lizentziaren tramitazioa eta ondorengo eraisketa argitzeko.

Eduardo Andrade PPko bozeramaileak azaldu duenez, instrukzioak lizentzia emateko erabilitako prozedura, obrak udal-baimenik gabe hasi ote ziren eta eraikina eraisteko inguruabarrak ikertzen ditu. Popularren arabera, Ertzaintzak bildutako dokumentazioak eta txostenek ustezko irregulartasunak antzematen dituzte hirigintza-espedientearen tramitazioan; besteak beste, lizentzia ematearen aurka zeuden bi udal-teknikari espedientetik baztertu ote zituzten aztertzen ari dira.

Eraikinaren babesari dagokionez, PPk dio Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak egindako hiru txosten daudela auzian, eta horiek ondorioztatzen dutela jauregitxoa babestuta zegoela eta ezin zela eraitsi. Talde popularraren iritziz, dokumentu horiek indartu egiten dute Balciscuetak hasieratik defendatutako jarrera teknikoa.

PPk, halaber, zalantzan jarri du eraisketa premiazko egoera baten ondorio izan zelako bertsioa. Andradek azaldu du barikuko deklarazioek lagundu dezaketela argitzen “zergatik baztertu ziren teknikari batzuk, nola izapidetu zen lizentzia eta zer gertatu zen benetan babestuta zegoen eraikinarekin”.

Popularrek gardentasuna eta hirigintza-legezkotasuna errespetatzeko eskatu dute, eta ikerketak erantzukizunak argitzea espero dutela adierazi dute. PPk aipatutako auziko iturri juridikoen arabera, bi teknikarien deklarazioen ostean ikertutako pertsonak deitu ahal izango dituzte; hala ere, prozedurak instrukzio-fasean jarraitzen du, eta ikertuei errugabetasun-presuntzioa dagokie.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun