Sidonie, Malmö 040 eta Begut taldeak arituko dira irailean egingo den DalecandELA jaialdian

Ander 2026ko ekainaren 18a

Musikaz gain, ELA ikustarazteko beste hainbat ekintza antolatzen dituen ekimen solidarioa da. © DALECANDELA

DalecandELA Festak bosgarren edizioko behin betiko kartela aurkeztu du, eta Getxoko Portu Zaharra musikaren eta elkartasunaren topagune bilakatuko du irailaren 17tik 20ra. Doako jaialdiak belaunaldi eta estilo ezberdinetako artistak batuko ditu, ELAren aurrean duintasuna aldarrikatzeko eta gaixotasuna duten pertsonen eskubideen aldeko mezua zabaltzeko.

Kartelera azkenik gehitu diren izenen artean daude Sidonie, Malmö 040, Begut, Mabu, Marte Lasarte, No Quiero eta LFD Mambo Express. Horiek aurretik iragarritako Quique González, Kiko Veneno, Duncan Dhu, Akatz, Neomak, Gonzalo Portugal, Still River, Luke Winslow-King, Diamond Dogs, La Sonrisa de Julia eta Smile artisten zerrendari batu zaizkie, besteak beste. Antolatzaileen arabera, programazioak zuzeneko musikaren indarra aldarrikatu gura du, kontzientziak astintzeko eta elkartasuna aktibatzeko tresna gisa.

Jaialdiaren izaera soziala DalecandELA elkartearen lanari lotuta dago. Aurten ere, ELA Legea lurralde osoan modu eraginkor eta berdinean aplikatzea eskatuko dute, baita laguntzak arintzea, mendekotasunaren III+ gradua ezartzea, zaintzaileen prestakuntzarako premiazko plana garatzea eta ikerketa zientifikorako inbertsio egonkorra bermatzea ere. Elkarteak daborduko milioi bat euro baino gehiago bideratu ditu ikerketara, eta BIOBizkaiako BrainLab bezalako proiektuak sustatu ditu.

Aldarrikapen hori indartzeko, Jaime Lafita DalecandELAren sortzaileak erronka kirolari eta humano berezia egin du: Getxotik Sevillara arteko 930 kilometroak tandem bizikletan egitea. Ekimen horren bidez, jaialdiak gogorarazi nahi du ELAren aurkako borroka denboraren kontrako erronka dela, eta beharrezkoa dela erakundeen, gizartearen eta komunitate zientifikoaren inplikazioa.

Hala, DalecandELA Fest 5ak musika-jaialdi bat baino gehiago izan nahi du berriro ere: kultura, komunitatea eta elkartasuna uztartzen dituen espazioa. Portu Zaharreko agertokian psikodelia, folk, ska, elektronika, pop eta egile-kantak elkartuko dira, ELA duten pertsonen bizi duinaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun