Deitzaileek salatu dute atxiloketek elkartasun internazionalista "kriminalizatzea dutela helburu", eta internazionalismoa ez dela delitua aldarrikatu dute. Hori dela eta, eragileei eta norbanakoei dei egin diete Asier eta Youssefen aldeko ekimenetan parte hartzera, "errepresioaren aurrean, elkartasuna" lelopean.
Iranekin Bat elkarteak zabaldutako oharrean azaldu duenez, poliziak "erakunde terroristako kide izatearen delitua" egozten die bi kideei, besteak beste. Elkarteak "irmo" gaitzetsi ditu akusazioak, eta adierazi du seinalamenduek "ez dutela inolako zilegitasunik", haien hitzetan, lotzen dituzten erakundeek izaera legala eta parlamentarioa dutelako Libanon. Era berean, salatu dute auziaren atzean "eraso sionista eta inperialismo genozida" salatzen dutenak isilarazteko eta jazartzeko asmoa dagoela.
Horrez gainera, prentsaurreko publikoa iragarri dute egun berean Bilbon. Kartelaren arabera, hitzordua 17:00etan izango da, Arriaga antzokian, eta bertan atxilotuen egoeraren eta aurrera begirako erantzunaren berri emango dute. Iranekin Batek erakunde eta norbanakoak deitu ditu salaketak gaitzesteko eta Asier eta Youssefen aldeko deialdiekin bat egiteko.
Asier eta Youssef Espainiako Poliziak atxilotu zituen maritzenean, Auzitegi Nazionalak zuzendutako operazio baten barruan. Haien aldeko eragileek akusazioak ukatu eta biak Palestinarekiko eta herri zapalduekiko elkartasun politikoan aritutako militante internazionalistak direla nabarmendu dute.