Ibar Nagusien elkarteak dirulaguntzen banaketa berrikustea eskatu dio Getxoko Udalari

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 7a

Dirulaguntzaren berrikuspena ez da Udalagaz jorratu gura duten auzi bakarra.

Ibar Nagusien elkarteak Getxoko Udalari jasotzen duen dirulaguntza berrikusteko eskatu dio. Elkartearen arabera, uztailaren 4an onartutako gizarte arloko dirulaguntzen igoeratik kanpo geratu den erakunde bakarra izan da, eta egoera horren inguruko azalpenik ez du jaso.

Uztailaren 4an bertan, Udalak 455.877 euroko dirulaguntzak onartu zituen bost gizarte-erakunderentzat. Udalaren esanetan, laguntza horien helburua zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei zuzendutako proiektuak sendotzea eta gizarteratzea sustatzea da.

Erabakiaren berri izan bezain laster, Ibar Nagusieneko ordezkariek udal taldeakaz harremanetan jarri zirela azaldu dute, igoeratik kanpo geratzeko arrazoia zein izan zen jakiteko. Hala ere, diotenez, ez dute azalpen argirik jaso.

"Guk ere gainerako elkarteen eskubide bera dugu. Ez badago gu kanpoan uzteko arrazoirik, tratu-desberdintasuna da", adierazi dute. Horren harira, gogorarazi dute urte osoan zehar gizarte arloan lanean dihardutela eta udalerrian jarduera iraunkorra garatzen dutela.

Hiru gai lehenetsi dituzte

Dirulaguntzaren berrikuspena ez da Udalagaz jorratu gura duten auzi bakarra. Elkarteak egoitzako aire girotuaren egoerak ere kezka handia eragiten diela azaldu du; izan ere, azken urteotan matxurek urtean 2.000 eurotik gorako gastua sortu dietela nabarmendu dute: "Gaur egun ezin da egoitzan egon. Beroagatik jardueraren bat eten behar izan dugu".

Horrez gain, etorkizuneko lokalari buruzko hitzarmenaren zirriborroa ere mahai gainean jarri nahi dute. "Une honetan hiru gai hauek dira gure lehentasunak: dirulaguntzaren berrikuspena, aire girotuaren konponketa eta lokal berriaren hitzarmena", azaldu dute.

Bilera lehenbailehen egitea espero dute

Ibar Nagusieneko ordezkariek alkatearen eta Gizarte Kohesioko zinegotziaren aldetik bilera egiteko konpromisoa jaso dutela jakinarazi dute, oraindik datarik zehaztu ez den arren.

Haien asmoa bilera abuztuaren 13a baino lehen egitea; da izan ere, egun horretan egingo da udako etenaldiaren aurreko Gobernu Kontseiluaren azken bilera. "Data hori baino lehen konpromiso bat lortzea gustatuko litzaiguke, ordainketa irailean gauzatuko balitz ere", adierazi dute.

Bestalde, elkarteak oraindik ez duela aurtengo ohiko dirulaguntza jaso azaldu du, eta horrek zailtasunak sortzen dizkiola aurreikusitako gastuei aurre egiteko.

Udalak uztailean jakinarazi zuenez, dirulaguntzen helburua da gizarte arloko erakundeekin elkarlanean zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonentzako proiektuak indartzea eta arreta hurbila nahiz espezializatua eskaintzea.  Onartutako bost erakundeen artean, ordea, ez da Ibar Nagusien ageri.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun