Mugimendu feministak jaietan ere indarkeria matxistak presente jarraitzen duela salatu du, eta urte osoan egiten duten prebentzio eta sentsibilizazio lana aldarrikatu du. "Orduak, egunak eta indarrak gune seguruak eraikitzen ematen ditugu", azaldu dute. Horren aurrean, erasotzaileek "hesi horiek zeharkatzen" dituztela salatu dute, begirada lizun, ukitu, kolpe edo bortxaketen bidez.
Egoera horri aurre egiteko lana, ordea, ezin dela mugimendu feministaren esku soilik geratu ohartarazi dute. Haien esanetan, erantzuna eraginkorra izateko ezinbestekoa da bakoitzak bere lekutik jardutea eta elkarlanean aritzea. Hain zuzen ere, puntu horretan jarri dute arreta: salatu dutenez, hainbatetan konfiantza zein zilegitasuna ukatu zaizkie eta komunikazio-bideak itxi dizkiete. Horren ondorioz, zenbait erasoren berri hedabideen bidez izan dutela azaldu dute, eta horrek haien lana "ganoraz" egitea zailtzen duela kritikatu.
Jai-batzorde, eragile eta erakundeei deia
Algortako Mugimendu Feministak urte osoan "adi eta prest" dagoela adierazi du, baita jaietan ere. Erasoren bat gertatzen denean, erasoa jasan edo salatzen duen pertsona erdigunean jarrita, puntu moreagaz, jai-batzordeakaz eta tokiko eragileakaz batera erantzun gura dutela nabarmendu dute.
Erakundeei ere zuzendu zaizkie. Legeak aldatu eta egokitzea eta beharrezko baliabideak jartzea haien esku dagoen neurrian, ardura hori hartzeko eskatu diete.
Helburua, azaldu dutenez, ez da soilik gertatzen diren erasoak kudeatzea eta salatzea, indarkeriarik gabeko jaiak eraikitzea baizik. Horretarako, jai-gune seguruak, denontzako egitarauak, gozamenaren eta lanaren banaketa egokia eta pertsona guztiak aske sentitzea aldarrikatu dituzte.
Bide luzea geratzen dela aitortu arren, lanean jarraituko dutela berretsi dute: "Guk ez dugu etsiko, hautatutako bideari eutsiko diogu aurrerantzean ere".