Getxoko PPk "Irurak Bat" auziaren artxiboa errekurrituko du

Izaro Garcia

Oraingoz PPk ez du auzia amaitutzat eman.

PPk erabaki judiziala errespetatzen duela dio, baina bereizi egin ditu auziaren alde judiziala eta politikoa. Eduardo Andrade bozeramailearen esanetan, epaileak gertatutakoan deliturik ez dagoela ondorioztatu izanak ez du esan gura udal-gobernuak Irurak Bat jauregitxoaren inguruan hartutako erabakiei buruzko eztabaida politikoa amaitu denik.

Horregatik erabaki dute artxiboa errekurritzea. "Justizia sakon errespetatzen dugu, eta, hain zuzen ere, horregatik joko dugu gure ordenamendu juridikoak eskaintzen dituen bideetara", azaldu du Andradek.

Zer gertatu zen San Nikolas 11gaz?

Hori da, hain zuzen ere, PPk mahai gainean mantendu gura duen galdera. Alderdiak Amaia Agirre alkateari eskatu dio azaltzeko zelan iritsi zen jauregitxoa eraistera eta zelan hartu ziren horretara eraman zuten erabakiak. Era berean, kritikatu du alkateak azken agerraldian oposizioaren eta hedabideen jardunean jarri izana arreta.

Andradek bere alderdiak orain arte egindakoa oposizioaren ohiko kontrol-lanaren barruan kokatzen dela defendatu du: galderak egin, informazioa bilatu eta udal-gobernuari azalpenak eskatu. Horregatik, ez dator bat jarduera hori "epaiketa paralelo" gisa aurkezteagaz.

Oraingoz, beraz, PPk ez du auzia amaitutzat eman. Errekurtsoagaz aurrera egiteaz gain, udal-gobernuari Irurak Bat jauregiaren eraisketaren inguruko azalpenak eskatzen jarraituko duela iragarri du.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun