Epaileak 'Irurak Bat' jauregitxoaren auzia artxibatu du

Laura Fontalba Colomo

"Irurak Bat" eraikina zegoen orubea.

Gaur, irailak 4, jauregitxoagaz lotutako eta ikertutako gertakariek delitu urbanistikorik ezta prebarikazio-deliturik ere osatzen ez dutela ondorioztatu ostean, epaileak auzia largespen libre bidez artxibatu du.

Erabakia La Aldea de Neguri izeneko beste kasu baten inguruan EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai batean oinarrituta hartu du. Epai horrek udal-zaintzapean dauden eraikinak ez direla automatikoki oinarrizko babeseko kultura-ondasun bihurtzen ezarri zuen. Beraz, Irurak Bat ere udal-zaintzapean zegoenez, Getxoko epaileak doktrina hori kasu honetara “erabat aplikagarria” dela ondorioztatu du. Horrela, eraikinaren eraisketa HAPOak baimendu zezakeen jarduketa zela adierazi du eta, hortaz, delitu urbanistikoa egoteko beharrezko oinarri juridikorik ez dagoela erabaki du. 

Hori guztia dela eta, hamar ikertuen aurkako auzia artxibatu du epaileak; horien artean EAJko hiru zinegotzi ohi, udaleko hiru teknikari, kooperatibaren kudeatzailea, eraikitzailearen arduraduna, proiektuaren arkitektoa eta obretan parte hartu zuen beste profesional bat zeuden.

Bestalde, jakinarazi dutenez, epaileak ez du baimendu Ertzaintzak miaketetan atzemandako gailu elektronikoen edukia aztertzea. Gailuak poliziaren zaintzapean egongo dira autoa irmoa izan arte, eta, ondoren, jabeei itzuliko dizkiete.

Talde politikoen erreakzioak

Lehen erreakzio politikoa EH Bilduren eskutik etorri da. Taldeak ohartarazi duenez, erabakiak ez du eraispenaren inguruko erantzukizun politikoa ezabatzen. Ildo horretan, Udal Gobernuak oraindino ez duela zehapen-neurririk hartu salatu dute. Gainera, udal-arkitektoaren txosten baten arabera, enpresa eraikitzaileak eraispenari eta aurreikusitako eraikuntzari esker 732.506,26 euroko etekin ekonomikoa lor dezakeela nabarmendu dute. 

EH Bilduk iragarri duenez ebazpena xehetasunez aztertuko du eta Zuzenbidean bidezkoak diren errekurtsoak aurkeztuko ditu. Era berean, hirigintza-legezkotasuna lehengoratzeko dagoeneko abian den prozeduran alegazioak aurkezten eta parte hartzen jarraituko duela adierazi du.

Podemos Getxok ere ebazpenaren aurrean erreakzionatu du. Taldeak gogorarazi du autoa ez dela irmoa eta helegitea jar dakiokeela, eta auzi penala artxibatzeak ez duela Udal Gobernuaren erantzukizun politikoa ezabatzen adierazi du. Euren ustez, Irurak Baten kasuak Getxoko ondarearen babesgabetasuna agerian uzten du, eta EAJren eta PSEren gobernuari udal-eskumenak "klientelismorik eta irregulartasunik gabe" erabiltzeko eskatu diote.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun