Subflubiala EZek eta hezkuntza komunitateak kontzentrazioa egingo dute gaur Artaza-Romo eta gertuko hezkuntza zentroen defentsan

Iratxe Ugartetxea

Subflubiala EZ plataformak proiektuak ingurugiroan eta ikasleen eta bizilagunen osasunean izango dituen kalteak salatu ditu.

Subflubiala EZ plataformak ohartarazi du itsasadarraren azpiko tunelak ondorio larriak izango lituzkeela inguruko ikastetxeetan, eta proiektua bertan behera gelditzea eskatu du. Kontzentrazioa gaur, irailak 9, 19:00etan Artaza-Romo institutuan izango da.

Subflubiala EZ plataformak tunelaren obrak hastear daudela salatu du, eta gogorarazi du azpiegitura honek "ingurugiroan izango dituen ondorioez gain, ondorio sozial larriak" izango dituela ere, batez ere inguruko ikastetxeetan. Plataformak azaldu duenez, iazko ekainean Artaza-Romo institutuak, Betiko Ikastolak, Artaza Pinueta eskolak eta Romo eskolak dokumentu bat sinatu zuten Bizkaiko Foru Aldundiari obrak gelditzea eskatuz, ikasleengan izango dituen ondorioengatik, eta aurtengo uztailean sindikatu nagusiek (Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT) hala eskatu zuten arrazoi berberengatik. Aldundiaren erantzun ezaren eta proiektuarekin jarraitzeko erabakiaren aurrean, elkarretaratzea deitu du plataformak gaur.

Izan ere, Subflubiala EZek salatu duenez, Aldundiaren 2023ko Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak Artatzako parkeko eta tuneleko leherketak erabat baztertu zituen arren, eraikin sentikorretarako (Artaza-Romo institutua tartean) eragin "onartezinak" izan zitzaketelako, Aldundiak dokumentua aldatu eta leherketak baimendu zituen iazko uztailean, horrela obren epeak murriztuko zirela argudiatuz. Aurretik debekatutako leherketa hauek zarataren eta bibrazioen legezko mugak gaindituko dituztela ohartarazi du plataformak.

Horregaz batera, Subflubiala EZek proiektu honek osasun publikoan duen arriskua, bereziki ikasleentzat eta arnasketa-arazoak dituzten pertsonentzat, azpimarratu du. Obren inguruko ikastetxeak eta bizilagunak urteetan zehar kutsatzaileekiko etengabeko eraginpean egoteak arnasketa-arazoen areagotzea, intzidentzia handiagoa eta konplikazioak ekarriko dituela adierazi du plataformak. Subflubiala EZetik honen aurrean inolako babes-neurririk ez dagoela azaldu dute, eta jendearen osasunaren kontura proiektu honetan "inprobisazioa baino ez dagoela" salatu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun