Subflubiala Ez! plataforma Artaza-Romo institutua defendatzeko elkarretaratu zen atzo

Laura Fontalba Colomo

Urriaren 24an manifestazioa egingo dute. © SUBFLUBIALA EZ

Atzo, irailaren 9an, plataformak Hezkuntza-komunitateagaz batera kontzentrazioa egin zuen hezkuntza zentroen defentsan, itsasadarren azpiko tunelak ikastetxeetan izango lituzkeen kalteak salatzeko eta proiektua bertan behera uzteko aldarrikatzeko. 

Plataformak salatu zuenez, proiektua ez da bakarrik ingurumenerako kaltegarria izango, ondorio sozial larriak ere izango ditu ere, batez ere, ikastetxeetan. "Iazko ekainean, Artaza-Romo institutua, Betiko Ikastola, Artaza-Pinueta eskola eta Romo Eskolak dokumentu bat sinatu zuten Bizkaiko Foru Aldundiari obrak gelditzea eskatuz, ikasleengan izango dituen ondorioengatik; eta aurtengo uztailean, sindikatu nagusiek proiektua bertan behera gelditzea eskatu dute arrazoi berberengatik", azaldu zuten. Horrez gain, azaldu dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak ez die ikastetxe hauei erantzunik, eta proiektuagaz aurrera jarraitzea erabaki du.

Ildo horretan, salatu dute 2023ko abenduan argitaratutako Ingurumen Inpaktuaren Txostena ez dela bete; txostenak erabat baztertu baitzituen Artatzako parkeko eta tuneleko leherketak, eraikin sentikorretarako eragin "onartezinak" izan zitzaketelako. "Hala ere, Aldundiak dokumentua aldatu zuen iazko uztailean, proiektuaren aprobazioarekin batera, leherketak baimentzeko, horrela obren epeak murriztuko direla argudiatuz, nahiz eta zarataren eta bibrazioen legezko mugak gaindituko dituzten", azaldu dute.

Bestalde, plataformak proiektuak osasunean izan ditzakeen ondorioak ez dituztela kontuan hartu ohartarazi du. Prebentzio-protokolorik ez dela aurkeztu, kontingentzia-planik ez dagoela, ezta konponbiderik ere, ziurtatu dute: "Inprobisazioa baino ez dago proiektu bat gauzatzeagatik jendearen osasunaren kontura". 

Mobilizazioaren amaieran jakinarazi zutenez, hurrengo hitzordua adostuta daukate: urriaren 24an, itsasadarraren azpiko proiektua behin betiko bertan behera uzteko aldarrikapenagaz manifestazioa egingo dute. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun