Atxilotuak berak ere zauriak izan zituen, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan zuten. Zauri horiek sendatu ostean utzi zuten epailearen esku. Egotzitako gertakariak aztertu ondoren, epaileak behin-behinean espetxeratzeko eta kartzelara eramateko agindua eman du.
Gertakariak 05:00ak aldera jazo ziren Algortan. Udaltzaingoak emandako lehen informazioaren arabera, dena gizonaren eta hainbat gazteren arteko eztabaida baten ostean hasi zen. Handik gutxira, gizona martxan zegoen motozerra bategaz agertu eta gazte taldearen atzetik hasi zen.
Jazarpenaren une batean motozerra gelditu egin zen, eta ordura arte ihesi zebiltzan pertsonetako batzuk gizonarengana joan ziren. Orduan liskarra sortu zen, eta atxilotuak arma zuri bategaz bateragarria zen zauria izan zuen.
Hasierako gertakarien ostean zabalik jarraitzen zuen ikerketak, liskarraren nondik norakoak eta parte-hartzaile bakoitzaren erantzukizuna argitzeko. Orain, ospitaletik irten eta agintaritza judizialaren aurretik igaro ostean, gizona behin-behineko espetxealdian sartzea erabaki du Getxoko Zaintzako Epaitegiak.