Joan den astean, Getxoko Udalak GetxoBus zerbitzu publikoa arautzeko Araudia eta Ordenantza Fiskala behin-behinean onartzea aztertuko duela jakinarazi zuen. Udalaren proposamenak honako xehetasunak hauek jasotzen ditu: Barik txartela eta noizbehinkako txartela erabili ahal izango dira GetxoBusen; 14 urtera arte zerbitzua doakoa izango da; eta %45eko edo gehiagoko desgaitasuna eta mendekotasun-mailaren bat egiaztatzen duten pertsonek laguntzaile bategaz bidaiatu ahal izango dute, eta laguntzaileak ez du txartela ordaindu beharko.
Orain, Elkarrekin Podemos Getxok beste urrats bat eman du, zerbitzua erabiltzaile guztientzat doakoa izatea eskainiz. Taldeak argudiatu duenez, "gero eta udalerri gehiagok eskaintzen dute doako hiri-autobusa erabiltzeko kopuru bikainak lortuz, eta hori ezinbestekoa da autoaren beharra murrizteko". Euren proposamena Barik txartelaren erabilerari eustea da, proba pilotuak funtzionatzen duen ala ez neurtu ahal izateko, baina bidaia bakoitzaren tarifa 0 eurokoa izanda.
"Udalak gure udalerrian hiri-autobus batek duen benetako potentziala egiaztatu nahi badu, horren aldeko apustu irmoa egin behar du", adierazi du Xabier Benito Ziluaga alderdiko bozeramaileak; eta helburua bizilagunen mugikortasuna erraztea eta ibilgailu pribatuaren erabilera ahalik eta gehien murriztea dela gaineratu du.