Elkarrizketak

Jone Arkauz eta Jagoba Terrones: "Bizkerren familia handi bat gara"

Izaro Garcia

Bizkerre osatzen duten adin ezberdinetako jokalari, teknikari eta klubeko kideak, Bizkerre Egunean. © IBON ANGULO

Duela 46 urte hondartzan hasi zen Bizkerreren ibilbidea. Gaur egun, 334 ume eta jokalari batzen ditu klubak, baina hasierako filosofiari eusten dio: futbolean haztea bai, baina pertsonak ahaztu barik.

Duela 46 urte, emakume talde bat hondartzan txapelketak jokatzen hasi zen. Hasiera xumea izan zen, baina urteek aurrera egin ahala Bizkerre hazten joan da, gaur egun 334 ume eta jokalari izatera heldu arte. Hala ere, klubaren filosofia aldatu ez dela diote: "Etortzen diren neska horiei, euren ibilbide pertsonalean zein kirolean, ahal diegun laguntzarik handiena eskaintzea, hain zuzen".

Hazkunde horren erdian harrobia dago. Baina Bizkerren jokalariak trebatzea ez dute futbolean hobetzera mugatzen. Klubetik urte luzez igarotzen diren neskak hazten ikustea eta bidean laguntzea ere bada lanaren parte. "Umeekin, pertsonekin ari gara, eta hemen igarotzen dituzten urte guztietan euren bizitzaren etapa oso ezberdinetatik pasatzen dira. Ez du balio, soilik eta modu isolatuan, futbolaren inguruan termometroa jarri eta beste guztiari garrantzirik ez ematea. Gauza guztiak zaindu eta elikatu behar ditugu". Filosofia horrek ez du esan gura lehia alde batera uzten dutenik. Kontrakoa. Bizkerren uste dute jokalariaren inguruko arlo guztiak zaintzea eta futbolean haztea bateragarriak direla. Horregatik, entrenatzaileen prestakuntzaz gain, laguntza psikologikoa, prestaketa fisikoa, lesioen prebentzioa, fisioterapia eta nutrizioa lantzen dituzte, besteak beste.

"Ez du balio, soilik eta modu isolatuan, futbolaren inguruan termometroa jarri eta beste guztiari garrantzirik ez ematea. Gauza guztiak zaindu eta elikatu behar ditugu"

Jagoba Terronesek kirol-koordinatzaile gisa hasi duen etapa berrian, beste erronka bat ere badu esku artean: Bizkerrek berezko futbo-identitatea izatea. Orain arte egindako lanean sakondu eta taldeek partekatuko duten metodologia garatzen ari dira; etorkizunera begira, "klubaren iparrorratza" izango dena. Horretarako, klubean urteak daramatzaten entrenatzailegaz lantaldea osatu dute, Gorka Iraizoren laguntzagaz. Klubeko aita izateaz gain, proiektuan parte hartzea erabaki du, Bizkerrek osatzen duen komunitateko kide sentitzen delako. Terronesek KIMETen laguntza ere nabarmendu du, aspalditik entrenatzaileen eskura jartzen duen futbolerako tresna praktikoagatik.

Ikusten ez den Bizkerre

Partidu bat hasten denean, jokalariak eta entrenatzaileak dira begirada gehienak erakartzen dituztenak. Baina baloia jokoan jarri aurretik lan asko egin behar izaten da. Horretaz ondo daki Jone Arkauzek.

Zortzi urte daramatza delegatu lanetan. Alaba taldean zebilelako hasi zen; alabak futbola utzi du daborduko, baina berak Boluen jarraitzen du. "Konpromisoa izan behar duzu, asteburu guztietan partiduak baitaude, etxean edo kanpoan, hor egon behar zara".

Kanpoko taldeari harrera egin, arbitroakaz harremana izan, zelaia ureztatu behar den begiratu, kornerretako banderatxoak jarri, kamera prestatu partidua grabatu eta emititzeko... Kanpoan jokatzean, bidaia eta autobusa ere antolatu behar dira. "Bizkerren barrutik lan asko dago. Jendeak ez daki zenbat lan, buruhauste eta batzar dauden; egunero dago kezkaren bat", baina "oso gustura" egiten du.

Zelaitik harago

Bizkerrek ez du Bolue barruan geratu gura. Kluba ezaguna da Getxon eta Uribe Kostan, baina herritarrengana gehiago hurbiltzen jarraitu gura dute. Horretarako, San Inazio jaietan txosna jartzen dute, Gabonetako gala eta Bizkerre Eguna antolatzen dituzte, urtean zehar hainbat txapelketa egiten dituzte eta, duela gutxi, denda ere zabaldu dute Algortako Juan Bautista Zabala kalean. Helburua emakumezkoen futboletik harago doa: Getxon eta Uribe Kostan kirol, kultura eta gizarte arloko erreferente izatea, eta klubaren balioengatik ere ezagunak izatea.

Harrobia erdigunean

Harrobiaz harro egoteko daturik badute. Egun Athleticen lehen taldean ari diren bederatzi jokalari Bizkerretik igaro dira. Klubean txikitatik hasi, hazi eta goi-mailara heltzen diren jokalarien ibilbidea bertatik ikustea aberasgarria dela diote.

Baina helburua ez da jokalariak goi-mailara eramatea bakarrik. "Noski nahi dugula behetik hasita mailaz igotzen eta etapak gainditzen joaten direla ikustea. Baina gure lana eta ikuspegia ezin dira soilik horretara mugatu".

Egun, Bizkerrek eta Bizkeneskak 21 talde dituzte Bizkegetxo akordioaren barruan, Getxoko Udalagaz duten lankidetzari esker: eskola-adineko 12 talde, federatutako zortzi eta beteranoen talde bat.

"Harreman polita egoten da jokalarien artean, baita oso giro ona ere. Hori da jokalariek, urteak aurrera egin ahala eta futbola uzten dutenean, eramaten duten oroitzapenik onena: harreman pertsonalak"

Bide horretan, emakumezkoen futbolak badu oraindik zer hobetu. Bizkaian ia 4.000 fitxa inguru daude eskola eta talde federatuen artean, baina Bizkerren jokalari askok kirola gazte uzten dutela sumatzen dute. Arrazoietako bat kategorien arteko jauzia izan daiteke: emakumezkoen futbolean ez dago jubenil kategoriarik, eta 16 edo 17 urteko neskek kadete mailatik zuzenean seniorretara igaro behar dute. Horregatik, Bizkaian jubenil mailako kategoria sortzea "premiazkoa" dela uste dute. Entrenatzaileen arloan ere badute erronka. Azken bizpahiru urteetan etxeko jokalariak eta entrenatzen hasi gura duten gazteak trebatzearen aldeko apustua egin dute. Bereziki pozten ditu prestakuntza horretan parte hartu dutenetako asko neskak izateak; entrenatzaileen inguruan oraindik dagoen "gizonen argazki finkoa" aldatzeko urratsa dela uste dute. Azken batean, jokalari bakoitzak bere bidea egingo du Bizkerren. Batzuk lehen taldera iritsiko dira, beste batzuek gorago jarraituko dute eta beste askok, noizbait, futbola utziko dute. Baina klubetik argi dute euren lana ez dela jokalari batek zelaian lortzen duenagaz amaitzen.

Arkauzek urteak daramatza jokalariak etorri eta joaten ikusten, eta argi dauka zer geratzen den futbolaren ostean: "Harreman polita egoten da jokalarien artean, baita oso giro ona ere. Hori da jokalariek, urteak aurrera egin ahala eta futbola uzten dutenean, eramaten duten oroitzapenik onena: harreman pertsonalak".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun