Elkarrizketak

Alex Varas: "Zerbait sentiarazten didaten kamerekaz lan egitea gustatzen zait"

Iratxe Ugartetxea Muelas

Alex Varas, kamera mekanikoen konpontzailea, bere tailerrean lan egiten. © HODEI TORRES

Duela lau urtetik, Alex Varas kamera mekanikoen konpontzaile gisa dabil Getxon, eta aurretik beste lau eman zituen afizionatu moduan ere, berak zituen kamerak irekitzen eta miatzen. Haatik, ez ditu kamera denak konpontzen; gustuko dituen eta ezagutzen dituen kameren zerrenda bat du, baina konpontzaileen sare estuari esker, bezeroak beren kamerak konpondu ahalko dituen beste norbaitengana bideratu ahal ditu.

Bide honetan era "bitxian" hasi zela azaldu du Varasek. Aspaldi kamera bat konpontzera bidali zuen, eta konponketa luze jotzen ari zenez, tailerrekoak oso lanpetuta zeudelako, bera hasi zen kamera miatzen eta konpontzen saiatzen. "Zentzu horretan, konpontzaile asko sortzen ari naiz ni orain", esan du, brometan. Ondo egiten denean, lan honek denbora asko eskatzen duela esplikatu du.

"Nire lana terapia moduan hartzen dut: lasai nago tailerrean, nire kamerekaz, eta bezeroak orokorrean primerakoak dira".

Bere etxean sortu duen tailerrean kamera mota ezberdinak frogatzen eta konpontzen ordu luzeak ematen ditu Varasek; hala ere, terapia moduan hartzen du bere lana. "Lasai nago tailerrean, nire kamerekaz, eta bezeroak orokorrean primerakoak dira: ulertzen dute bizitza doala kameren aurretik, eta gainera, nik bezain beste kamera edo gehiago dituztenez ez dute presa handirik izaten", azaldu du.

Lan honek ekarri dizkion momentu bereziengandik galdetzean, Varasek "alde batetik polita eta bestetik tristea" den pasarte bat kontatu du. Behin, Ingalaterrako gizon baten enkargu bat jaso zuen, oso gustuko zuen kamera merke bat konpontzeko. Kameragaz amaitzean, beragaz harremanetan jartzen saiatu zen Varas, baina gizonaren alabetako batek hil zela esan zion. Alaba horrek ez zuen aitaren kameraz ezer jakin gura, eta ez zituen Varasen mezuak erantzun. Hala ere, aste batzuk igaro ondoren, beste alaba bat jarri zen kontaktuan Varasegaz, aitaren kamera izan gura zuelako, eta asko poztu zen jaso zuenean. Horiek dira Varasentzat proiektu politenak: "Jendea bere senideen kamera zaharrekaz etortzen da, berreskuratu gura dituztela esanez... Enkargu horiek maitasun handiz egiten ditut, herentzia modukoak dira, azkenean. Balio handia dute jendearentzat".

"Konpontzaile denok elkar laguntzen dugu. Pozik nago alde horretatik, nahiz eta, orokorrean, nahiko lan bakartia den".

Ez daude kamera zaharrak konpontzen dituzten pertsona asko munduan eta, horregatik, Varasek beste hainbatekaz txat batean egotea eskertzen du: "Denok elkar laguntzen dugu. Pozik nago alde horretatik, nahiz eta, orokorrean, nahiko lan bakartia den". Horregaz batera, Disparafilm izeneko argazkilari analogikoen komunitate baten parte da ere, eta bertan "kamera bidaiariaren" proiektua daukate: eskuz esku pasatzen dute kamera bat, eta parte hartzaile bakoitzak argazki batzuk egiten ditu eta koadernotxo batean kamerari buruzko bere iritzia idazten du. Beste konpontzaileekaz harremana mantentzeko ere beste hainbat ekimenetan parte hartzen du Varasek, adibidez, Bartzelonan egiten den Revélate jaialdia. "Elkar ikusteko, ondo pasatzeko eta kamerez eta argazkilaritzaz hitz egiteko aitzakiagaz elkartzen gara ahal dugun guztietan", azaldu du.

Kamerak konpontzeaz gain, Varas argazkiak egiten dabil etengabe, dauzkan kamerakaz eta konpontzen dituenekaz ere. Orokorrean, zuri-beltzeko argazkiak egitea gustatzen zaio, formatu erdiko kamerekaz, bereziki bere emazte eta semeari. "Erretratuak egiten trebeagoa izan gura dut, baina gauzarik zailena da", azaldu du Varasek. Hala ere, azkenaldian pinhole kamera panoramiko "erraldoi" bat erabiltzen ibili da, kolorezko argazkiak egiten.

© ALEX VARAS

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun