Eguenean egingo duten udalbatzaren osoko bilkuran, Getxoko EH Bilduk Udal Gobernuari Lazoragaz, egun Nestar izenagaz ezagutzen den enpresagaz, 2011n sinatutako hitzarmena eteteko eskatuko dio. Euren ustez, "badira nahikoa arrazoi hitzarmen horri amaiera emateko; izan ere, haren bidez, Udalak lurzoru publikoa enpresa pribatu bati utzi zion 75 urterako, bertan eraikitako etxebizitzen kudeaketaz ardura zedin".
Orain, EH Bilduk etxebizitza horietan bizi diren herritarrek jasaten dituzten baldintzek ez dutela bermatzen etxebizitza duina eta eskuragarria izateko eskubidea salatu du. Besteak beste, maizterrek euren gain hartu behar dituzten hainbat gastu aipatu ditu; hala nola Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), komunitate-gastuak edo ez-ordaintzeen aurkako asegurua. Horrez gain, etxebizitzen mantentze-lanetako gabeziak eta enpresak bizilagunen eskaerei erantzunik ez ematea ere kritikatu ditu.
Taldearen ustez, egoera horrek "agerian uzten ditu etxebizitza publikoen kudeaketa enpresa pribatuen esku uzten duen ereduaren mugak". Horregatik, osoko bilkuran Lazoragaz sinatutako hitzarmena etetea eta Udal Gobernuak etxebizitza publikoen kudeaketaren inguruko konpromiso argia hartzea eskatuko duela jakinarazi du.