Elkarrizketak

Aner Etxebarria: "Euskal Herriko kulturaren atal txiki bat desagertzeko zorian dago"

Laura Fontalba Colomo

1952an, Orson Welles zinemagileak Etxalarko usozaleen historia kontatu zuen, kanpotik etorritako baten begiradatik. Hamarkada batzuk geroago, Aner Etxebarriak eta Pablo Vidalek istorio bera berreskuratzea erabaki dute, baina oraingoan bertako protagonisten ahotsetik. Horixe da Abata, biek zuzendutako 2025eko film labur dokumentalaren abiapuntua. Tradizio baten iragana eta oraina lotzeaz gain, euren etorkizunari buruzko hausnarketa ere egiten du lanak.

Lurraren Ahotsak dokumental-saila egiten zuten bitartean, Goizuetara joan ziren Ander Olaizolagaz kafe bat hartzera. Momentu batean, galdera bat bota zien: "Baina zuek ez dakizue Etxalarren oso tradizio berezia dagoela usoak harrapatzeko?". Kuriositate horregaz, hara joatea adostu zuten istorio berri baten bila. Bertan, Gerardo ezagutu zuten: usozaleen artean, beteranoena. Beragaz hizketan ari zirela, kontalari "bikaina" zela ikusi zuten, eta elkarrizketa luze bat egitea erabaki zuten. "Elkarrizketa horretatik ideiak antolatu eta gidoi bat prestatu genuen, baina bagenekien berriro Etxalarrera joan beharko genuela grabaketak amaitzeko", gogoratu du Etxebarriak. 

Grabaketa 2020an hasi zituzten, baina pandemiak prozesua eten zuen. "Gerardo urte eta erdiz desagertu zen, eta ezinezkoa zen berarekin harremanetan jartzea", azaldu du. Azkenean, grabaketak berriro hartu, eta 2024an amaitu zituzten. 

Denbora horretan, usozaleen egunerokoa gertutik ezagutzeko aukera izan zuten, baita kameraren aurrean agertzen ez diren hainbat une bizitzeko ere. "Egun batean Gerardorekin igo nintzen zuhaitz batera, 25 metroko altuerara. Berarekin egon nintzen, eta gauza asko grabatu nituen: liburuak irakurtzen, ogitartekoak jaten... Bera goian geratzen da, isiltasunean. Film laburrean ez da ikusten, baina irratia erabiltzen du denbora pasatzeko, liburuak irakurtzen ditu...", gogoratu du zuzendariak.

Hala ere, grabaketen alderdirik politena euren eta usozaleen artean sortutako harreman bitxia eta berezia izan dela aitortu du: "Orain, urtero joaten gara hara, ez grabaketak egiteko, baizik eta haiekin egoteko eta ondo pasatzeko".

Bi garai, bizipen bera

Gerardoren kontakizunak bazuen, ordea, aurrekari berezi bat: Orson Wellesek hamarkada batzuk lehenago jasotako irudiak. Etxebarriak hasieratik argi izan zuen bi kontakizunak elkartu gura zituela. Izan ere, 1952an, Orson Wellesek Etxalarko usozaleen aurreko belaunaldiaren historia kontatu zuen, ingelesez eta bere ikuspuntutik. Etxebarriak dioenez, ikuspegi "exotikoa" izan zen: "Bere dokumentalean 'aborigen' deitu zigun. Ez dut esan nahi kolonialista zenik, baina berarentzat dena guztiz berria zen. Exotikoa zen". 

Garai hartako irudietan eta National Geographic aldizkariko argazkietan agertzen diren usozaleak Gerardok ezagutu zituen. Gaur egun tradizioari eusten dioten hamabi usozaleen artean, aurreko belaunaldi haregaz lotura zuzena daukan bakarra da. Aldizkaria irekitzen duenean edo dokumentala ikusten duenean, bertan agertzen diren pertsonak izenez ezagutzen ditu. "Gerardok 77 urte ditu, beteranoena da, eta bera izan zen arbasoen edo antzinean zeunden ehiztarien ikaslea", azaldu du.

Lotura horrek dokumentalaren planteamenduari indarra eman zion: Wellesek kanpotik ikusitakoa Gerardok barrutik kontatzea, irudi berberen atzean dauden bizipenak berreskuratuz. Baina horretarako beste erronka bat gainditu behar izan zuten: artxiboko materialak lortzea. "Ez genekien nork zituen irudi horien eskubideak. Horren bila, Londresera heldu ginen", gogoratu du. Bertan aurkitu zituzten jatorrizko irudiak gordetzen zituen erakundea eta, 2.500 euro ordainduta, zenbait segundo eta audioa erabiltzeko baimena lortu zuten. Bestalde, National Geographic aldizkariaren Washingtongo bulegoagaz jarri ziren harremanetan, gutxienez aldizkariaren portada erakusteko baimena eskatzeko. Kasu horretan, doan lortu zuten.

Gerardo Abata film laburrean.

Bi garaietako irudiak elkartzeko, kolorea eta zuri-beltza baliatu zituzten. Dokumentalaren hasiera eta amaiera koloretan agertzen dira, eta erdiko zatia, aldiz, zuri-beltzean. Horrela, Orson Wellesen garaiko irudien eta gaur egungoen arteko lotura sortu gura zuten. Denbora igaro den arren, tradizioak bizirik jarraitzen duela erakusteko modua da.

Irratiak ere zeregin berezia dauka kontakizunean. Gerardok irratia pizten duenean, Wellesen ahotsak iraganerako atea zabaltzen du; amaieran amatatzen duenean, berriz, Gerardoren ikuspegiak hartzen du protagonismoa. Keinu horren bidez, Etxebarriak honako mezua irudikatu gura izan du: "Hau nire momentua da. Zu etorri zinen eta usoen historia zure modura kontatu zenuen. Orain nire momentua da, historia bera barrutik kontatzeko".

Desagertzeko arriskuan dagoen tradizioa

Abatak ez du iraganera bakarrik begiratzen. Dokumentalaren beste kezka nagusietako bat tradizio horrek etorkizunik izango ote duen da. Etxalarko biztanleak dokumentalagaz oso pozik daudela azaldu du Etxebarriak. Izan ere, badakite gaur egun hamabi usozale baino ez direla geratzen, eta hurrengo belaunaldiak tradizioagaz jarraitzen ez badu, ezinezkoa izango dela mantentzea. 

"Horrelako betiko baserritar batek gauzak aldatu behar direla eta usoak ez dituztela hilko esatea oso garrantzitsua da"

Etxebarriak azaldu duenez, jarduera hori aurrera eramateko talde-lana ezinbestekoa da. Lerro batek kilometro bat eta 200 metro izan ditzake, eta beste batek kilometro eta erdi. Sekulako azalera erabiltzen dute usoak goitik beherantz bideratzeko, sareetara eramateko. "Norbaitek huts egiten badu, hegaztiek hutsune hori erabiltzen dute", azaldu du.

Gainera, usozaleek 25 metroko altuerako postuetara igo behar izaten dute. Gerardok 77 urte ditu dagoeneko, eta dokumentalaren amaierako testuan bere azken paleta jaurti duela azaltzen dute. Horregatik da hain garrantzitsua belaunaldi berriek erreleboa hartzea. "Askotan gazteek pentsatzen dute: 'Zaharren kontua da, zertarako? Ez dauka baliorik'. Baina ez dute pentsatzen interes kultural handia daukala, Nafarroako kultura-ondasuna dela", gogorarazi du Etxebarriak.

Tradizioaren etorkizuna bermatzeko, gainera, euren egiteko modua aldatzen ari dira: antzinean ehizarako erabiltzen zuten praktika naturaren babesagaz eta ikerketagaz lotzen hasi dira. Gaur egun, usozaleek CPALko ornitologoekaz lan egiten dute, hegaztien migrazioari buruzko ikerketetan laguntzeko. Usoak harrapatzen dituzte, baina ikerketarako ere erabiltzen dituzte, ondoren askatzeko. "Tradizioa mantendu nahi dute, eta naturaren kontserbazioagaz edo ikerketakaz batera lan egin", azaldu du Etxebarriak. Bere ustez, belaunaldiz belaunaldi ehizan aritu diren pertsonek ohitura berrietara egokitzeko erakutsi duten prestutasuna bereziki interesgarria da: "Horrelako betiko baserritar batek gauzak aldatu behar direla eta usoak ez dituztela hilko esatea oso garrantzitsua da". Hain zuzen ere, hor dago dokumentalaren helburuetako bat: "Euskal Herriko kulturaren atal txiki bat desagertzeko zorian dagoela eta, gainera, naturaren babesagaz bat egin dezakeela erakutsi nahi genuen".

Istorioak kontatzetik harago

Naturaren eta gizakien arteko harreman horrek lotura zuzena dauka Etxebarriaren ibilbide osoagaz. Bere dokumentalen atzean etengabe errepikatzen den galdera bat dago: zer harreman daukagu inguruan bizi diren animaliekaz?

Etxebarriaren jakin-min nagusietako bat naturagaz daukagun harremana ikertzea izan da beti. Azaldu duenez, txori bat ikusten dugun bakoitzean, txori bat besterik ez dela pentsa dezakegu. Bera, ordea, harago joaten da: "Zer egiten du txori horrek ekosisteman? Zer ondorio dauzka? Eta guk zer egiten dugu inguru horretan, animalia horrekin batera bizi garenean?". Ikuspegi hori ez da beti bere lanaren abiapuntua izan. Diru eta denbora asko eskatu dizkioten proiektuak egin izan ditu, baina amaieran ez zekien oso ondo zertarako balio izan zuten. Horrek bere egiteko modua aldatzera eraman zuen: "Egun batean erabaki nuen hurrengo proiektuak beste helburu bat izango zuela: kultura minoritarioak sustatzea, natura babestea eta horrelako balioak lantzea".

"Egun batean erabaki nuen hurrengo proiektuak beste helburu bat izango zuela: kultura minoritarioak sustatzea, natura babestea eta horrelako balioak lantzea"

Helburu horregaz, bere lanaren bidez hainbat komunitateren eta ingurune naturalen istorioak kontatzen hasi zen. Panasonicen babesagaz mendi-gorilak babesteko proiektu batean aritu zen; Etiopian Hamer herriagaz lan egin zuen; eta Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaile talde bategaz grabaketak ere egin ditu. Azken horiek Boliviako Tsimane herriagaz lan egiten dute, Madidi parke nazionalean. Desagertzeko arriskuan dauden kulturaren elementuak dokumentatzen dituzte, bereziki pertsonen, animalien eta landareen arteko harremanak. "Adibidez, imajinatu Tsimane herriko pertsona zahar batek abesti bat gogoratzen duela, eta bera dela abesti hori dakien azken pertsona. Abesti horretan tapir baten istorioa kontatzen da. Ikertzaileak hara joaten dira, abestia grabatzen dute, eta horrela tradizio hori ez da galtzen", azaldu du. Taldeak bi urte eta erdi eman zituen dokumentazio-lanean, eta, azken fasean, Etxebarria gonbidatu zuten hilabete batez grabaketak egitera.

Zabalketa GKEagaz ere lan egin du, Panama eta Kolonbiaren arteko Darieneko oihanean. Bertan, komunitate indigenetako emakume lider baten istorioa kontatzeko film laburra egin zuen. "Bere istorioan tximeletekin daukan harremana bilatu nuen, eta hortik abiatuta gidoi bat eraiki nuen komunitatean sortzen diren arazoak kontatzeko". Berarentzat, ibilbide hori guztia txikitatik izandako jakin-min baten jarraipena izan da: "Abentura bat izan da. Txikitatik neukan amets bat betetzea izan da. Txikia nintzenean beti irakurtzen nituen herri indigenei buruzko liburuak eta mapak begiratzen nituen".

Tokiko istorio batetik mundura

Munduko hainbat lekutan lan egin ostean, Etxalarren aurkitutako istorioak nazioarteko bidea egin du. Abatak herri txiki bateko ohiturek ere urruneko ikusleen jakin-mina piztu dezaketela erakutsi du.

Dokumentala Hego Koreako Ulsan Uljuko Mendi Zinemaldian aurkeztu dute: "Ez genuen pentsatu horrelako arrakasta izango zuenik". Bertako ikusleek galdera ugari egin zizkieten, baina bat bereziki errepikatu zen, hiruzpalau aldiz: nola izan da posible euskara bezalako hizkuntza bat hain leku isolatu batean mantentzea?

Dokumentalak beste hainbat jaialditan ere izan du ibilbidea. Etxebarriak Kanadako Banffeko jaialdia eta ZINEBI ere aipatu ditu, eta hiru sari jaso dituztela azaldu du: Kataluniako Cardos Film Festivalen, Tabaca Film Festivalen eta Bartzelonako FICVI film laburren jaialdian. Baina Etxebarriarentzat lorpenik esanguratsuenetako bat ez dago zinema-aretoetan, Etxalarren bertan baizik. Dokumentalari esker, Wisconsinetik eta New Yorketik etorritako bi talde hurbildu dira herrira. Usozaleekaz egon dira, tradizioa bertatik bertara ezagutzeko, eta txolomak modu tradizionalean prestatu dituzte.

Horrela, Abatak ez du soilik desagertzeko arriskuan dagoen ohitura bat dokumentatu. Tradizio hori beste pertsona batzuengana hurbiltzeko eta euren etorkizunari buruzko interesa pizteko tresna ere bihurtu da. Hori da, hain zuzen ere, Etxebarriak bere lanaren bidez lortu gura duena: istorioak kontatzeaz gain, istorio horiek bizirik irauten laguntzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun