IRITZIA

Haurrentzako kirol espazio seguruak: esku hartzea, erantzukizuna eta benetako babesa

Kirol taldeek eta aisialdi espazioek ingurune seguruak izan behar dute haur eta nerabeentzat.

Haurrak eta Nerabeak Babesteko euskal elkartetik, erabat gaitzesten ditugu Romo futbol talderen familiek salatu dituzten haurren sexu abusuak.

Gure elkartasuna eta babesa adierazten diegu kaltetutako haur eta nerabeei eta haien familiei. Espero dugu akusatua izan den entrenatzaileak justiziaren aurrean erantzutea eta bere gain hartzea legearen pisu guztia, erantzun judizial eraginkor eta proportzionalarekin, gertaeren larritasunaren arabera.

Hala ere, egoera horrek berriro ere mahai gainean jartzen du Bidauretik urteetan defendatu dugun aldarrikapen bat: haurrek eta nerabeek parte hartzen duten espazio guztien kontrol erreala eta eraginkorra bermatzeko premia, kirol taldeak, aisialdiko, hezkuntza arloko beste edozein ingurune barne.

Haurren babesa ezin da soilik kirol talde bakoitzaren jarduteko borondatearen edo gaitasunaren mende egon. Kirol federazioek beren erantzukizuna onartu behar dute. Bizkaiko Futbol Federazioak eta Euskadiko Futbol Federazioak aktiboki inplikatu behar dute afiliatutako taldeetan gertatzen den edozein indarkeria egoera prebenitzen, gainbegiratzen eta erantzuten. Espazio horietako batean haur batek indarkeria salatzen duen bakoitzean, ezin dute jarraitu beste aldera begiratzen.

Finantzaketa publikoa jasotzen duten erakundeek beren gain hartu behar dituzte kontrolatzeko, gainbegiratzeko eta kontuak emateko betebeharrak. Finantzaketa publikoak berekin dakar jarduerak garatzeko baldintzen gaineko erantzukizuna, eta, bereziki, jarduera horietan parte hartzen duten haur eta nerabeak babesteko bermeen gainekoa.

Era berean, ezinbestekoa da babes-mekanismoak diseinatu, koordinatu, gainbegiratu eta ebaluatzeko ardura duten pertsonek ikerkuntza aktiboan egotea,prestakuntza eta esperientzia espezifikoa izatea haurtzaroan eta nerabezaroan, eta baita genero ikuspegian. Ez da nahikoa paperaren gaineko protokoloak edukitzea, ezta arduradunak izendatzea edo azpikontratatzea. Profesional espezializatuak behar dira, baliabideak eta esku hartzeko benetako gaitasuna behar da.

Ezin dugu berandu iristen jarraitu

Kirol taldeek eta aisialdi espazioek ingurune seguruak izan behar dute haur eta nerabeentzat. Kirola egitea, jolastea eta jarduera komunitarioetan parte hartzea haurren eskubideak dira, eta gune horiek ahalbidetzen dituzten erakundeek bermatu egin behar dituzte.

Bidauretik neurriak, erakunde publikoen eskua hartzeak eta erantzukizunak eskatzen jarraituko dugu. Izan ere, haurren babesa ezin da borondate onaren esku geratu: betebehar instituzional, kolektibo eta saihestezina da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun