"Erasoa ez zen modu argian gertatu, eta uste dut emakume askori gertatzen zaigula hori: momentuan ez dugula ikusten eraso bat jasaten ari garela". Urteak igaro ahala, bizitakoa beste begi batzuekaz ikusten hasi zen, ordura arte ulertu ezin izan zuenari zentzua aurkitu guran.
Prozesu horretatik jaio da Arantzarik gabeko arrosa, bizipen pertsonalak fikzioagaz uztartzen dituen eleberria. Gertatutakoaz jabetu zenean, salaketa judizialaren bideak sortzen zizkion kezken aurrean, beste modu bat bilatu zuen barruan zeramana kanporatzeko: literatura. Hasieran, idazketa aisialdiko kontua baino ez zen, baina pixkanaka, kontakizunak beste helburu bat hartu zuen. Antzeko egoerak bizi izan dituztenei euren burua istorioan ikusteko aukera eman gura die, baita oraindik gertatutakoa identifikatzeko hitzak aurkitu ez dituztenei ere. "Liburua indarkeria jasan dutenentzat edo jasateko arriskuan daudenentzat lagungarria izatea gustatuko litzaidake; euren burua identifikatzeko, gertatutakoa ulertzeko edo horri buruz hitz egitera animatzeko".
"Emakumeok askotan besteak ondo tratatu behar ditugula sentitzen dugu. Eta horrela, askotan gure arantzak ez ditugu ikusten. Arrosa polit bat izaten saiatzen gara, baina ahalegin horretan arantzak barrura sartzen zaizkigu"
Arrosaren atzean dauden arantzak
Eleberriko protagonista Ihintza da, Bilbon bizi den 17 urteko gaztea. Batxilergoa amaitzear dago, etorkizunari buruzko zalantzak ditu eta musikaren munduan lehen pausoak ematen dabil. Lagun bategaz raparen munduan murgilduta, lehen kontzertua eskaintzeko prestatzen ari da. Baina gaztaroko ilusio eta erabakien artean, bestelako bizipen batzuei ere aurre egin beharko die.
Amantegik bere esperientziatik edan du istorioa sortzeko. Indarkeria sexualaz hitz egiteaz gain, harremanetan sarritan oharkabean pasatzen diren jokabideei ere erreparatu gura izan die; bereziki, maitasun erromantikoaren idealizazioari eta emakumeek besteak euren buruaren aurretik jartzeko jasotzen duten etengabeko presioari.
"Batzuetan, harreman batean, besteari gehiegizko balioa ematen diogu, gure burua haren azpitik jartzeraino. Pentsatzen dugu gure maitasunarekin beste pertsona hori aldatu edo hobetu dezakegula".
Hortik dator liburuaren izenburuaren atzean dagoen metafora ere. Emakumeak arrosa ederrak izatea espero da, besteak zaintzea, atsegina izatea, inor ez mintzea. Baina, ahalegin horretan, norberaren arantzak ahaztea ere gerta daiteke. "Askotan sentitzen dugu besteak ondo tratatu behar ditugula. Eta, horretan, gure arantzak ez ditugu ikusten. Arrosa polit bat izaten saiatzen gara, baina ahalegin horretan arantzak barrura sartzen zaizkigu".
BIZIPENETTIK FIKZIORA
Ihintzaren istorioak Amantegiren bizipen pertsonaletatik edaten du, baina ez ditu gertakariak bere horretan jasotzen. Egileak fikzioaren bidez berrantolatu ditu esperientziak, pertsonaiak eta emozioak, kontakizun propio bat sortzeko. Horrela, bere historia abiapuntu hartuta, beste askorentzat ere ezaguna izan daitekeen errealitate bati egin dio lekua.
Hitzak nahikoa ez direnean
Bizipen horiek guztiak kontatzeko, errealismo magikora jo du Amantegik. Izan ere, emozio batzuek ez dute beti azalpen zuzenik aurkitzen: "Batzuetan hitzak falta zaizkigu emozioak azaltzeko. Deskribapen hutsa motz geratzen da, eta metaforek pertsona batek benetan zer sentitzen duen hobeto ulertzen laguntzen digute".
Horren adibide da Ihintzaren haurtzaroko pasarte bat: berri txar bat jasotzean, negarrez hasten da, eta haren malkoek inguruko guztia urperatzen dute, bera uretan bakarrik geratu arte. Konortea galdu eta berriro esnatzean, ordea, ura desagertu egiten da guztiz. Fantasia, kasu honetan, hitzez azaltzen zaila den emozio bati forma ematen saiatzen da, irakurleak protagonistaren barruan gertatzen dena hurbilagotik senti dezan.
Laura Esquivelen Como agua para chocolate eta Bernardo Atxagaren zenbait lan izan ditu erreferente, besteak beste. Musikak ere berebiziko lekua hartu du istorioan, bai Ihintzaren istorioan, bai egilearen bizitzan: "Beti izan zait errazagoa sentitzen dudana musikaren bidez adieraztea, hitz eginez baino". Protagonistak ere abestietan aurkituko du bizitakoa ulertzeko eta barruan daraman mina askatzeko bidea.
Idaztea, ordea, ez da lan samurra izan. Bere bizipenak jendaurrean azaltzeak beldurra ematen zion hasieran, batez ere besteek zer pentsatuko zuten irudikatzean: "Beldur nintzen jendeak pentsatuko ote zuen arreta erakartzeko egiten nuela". Denboragaz, ordea, hasierako zalantzak apaltzen eta bere erabakia sendotzen joan dira: "Duela urte bi ez nuen imajinatuko honi buruz hain libre hitz egiteko gai izango nintzenik".
Prozesuak literaturagaz zuen lotura berreskuratzeko aukera ere eman dio. Txikitatik idatzi izan badu ere, urte luzez alde batera utzita izan ditu kontakizun fantastikoak. Eleberriari ekitean, euskaraz idazteko gaitasunari buruzko zalantzak sortu zitzaizkion, eta euskaltegian hasi zen, bere ideiak hobeto adierazteko tresna gehiago eskuratzeko.
"Sufritzen dugunean, askotan gu geu sufrimendu horren errudunak garela pentsatzen dugu, baina ez da horrela. Beste askok ere antzeko zerbait sentitzen dute. Horregatik da hain garrantzitsua hitz egitea, partekatzea eta inguruan beste pertsona batzuk ditugula ikustea. Ez gaude bakarrik".
Horrez gainera, ordura arte berarentzat idazten zuenak beste norbaiten begiradari aurre egin behar izan dio lehen aldiz. Bere testuak irakurleengana iritsiko zirela jakiteak segurtasun falta eragiten zion, eta zuzentzaileen laguntzagaz joan da eleberria gutxinaka-gutxianaka lantzen. Idazketa, hortaz, ez da bizitakoa kontatzeko bidea bakarrik izan; hau da, bere ahots literarioan konfiantza hartzeko ikasketa-prozesua ere izan da.
Barruan ez geratzea
Arantzarik gabeko arrosa 12 kapitulutan banatuta dago, urteko hilabete bakoitzeko bat. Eskuz egindako akriliko-irudiek laguntzen dute kontakizuna osatzen, eta istorioaren amaierarako abesti bat zein bideoklip bat ere sortu dituzte. Azken hori liburuko QR kode baten bidez ikusi ahal izango da. Eleberriaren aurkezpena azaroaren 4an izan bazen ere, Durangoko Azokan ere txoko bat izango du hainbat postuen artean. Horrez gain, abenduaren 19an, 12:00etan, Casal liburu-dendan aurkeztuko du Amantegik, Gerediaga elkarteak antolatutako Zu non, han DA! ekimenaren barruan.
Baina orrialdetatik harago iristea da Amantegiren helburua. Liburua ez dago gazteei bakarrik zuzenduta; helduek ere badute zer hausnartu. Izan ere, bere ustez, indarkeria sexista prebenitzea guztion ardura da. Eta, horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaio elkar tratatzeko moduari erreparatzea, baita sufritzen dugunean ingurukoengana jotzen ikastea ere.
"Sufritzen dugunean, askotan gu geu sufrimendu horren errudunak garela pentsatzen dugu, baina ez da horrela. Beste askok ere antzeko zerbait sentitzen dute. Horregatik da hain garrantzitsua hitz egitea, partekatzea eta inguruan beste pertsona batzuk ditugula ikustea. Ez gaude bakarrik".
Amantegik literaturan aurkitu du urte luzez barruan gordetakoa askatzeko modua, isilik eramandako bizipenei hitzak jartzeko bidea. Beste batzuek musikan, marrazketan edo antzerkian aurkituko dute, beharbada. Izan ere, ez dago minari aurre egiteko modu bakarra, ezta norberak sentitzen duena adierazteko bide zuzen bakarra ere: "Adierazteko modu asko daude, noski. Garrantzitsuena barruan ez gordetzea da".