Iturriek jakinarazi dutenez, joan den domekan, hilaren 23an, hainbat preso matxinatu ziren Valenceko espetxean (Frantzia). Bertako espetxezainei giltzak kendu eta kartzelako solairu bi kontrolatu zituzten. Ondoren, hainbat ziega ireki eta haiei su eman zieten. Horietako bat Aletxu Zobaran preso gorliztarrarena da, eta AAEAMren arabera, haren ondasun guztiak erre dizkiote.
Azaldu dutenez, Zobaran eta Ibon Goieaskoetxea ez zeuden matxinadaren lekuan; izan ere, zigor ziegetan daude duela 51 egun, "senideen etxebizitzetatik urrundu izana eta Estatu frantsesa preso politikoen artean areagotzen ari den sakabanaketa salatzeko".