Gorliztarra zen Bolivian hildako turistetako bat

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 11a, 17:46

Ibilgailu bat Uyuniko gatz-lautadan. CHRISTOPHER CROUZET

Bikote bizkaitar bat hil zen domekan Bolivian, Uyuniko gatz-lautadan izandako auto-istripu batean. Jeep estiloko ibilgai batean zihoazen, beste lau lagunegaz. Eskualdeko Uribe FM irratiak baieztatu duenez, I.A.L. 27 urteko gorliztarra zen hildako emakumea.

UyuniWeb Uyuni hiriko atariak argitaratu duenaren arabera, domekan, goizeko 08:00etan gertatu zen ezbeharra. Ibilgailua gune harritsu batean irauli zen eta bizkaitarrak bertan harrapatuta gelditu ziren. Polizia 11:00etan bertaratu zen; izan ere, dirudienez, estaldurarik ezak zaildu egin zuen komunikazioa. Autoan zihoazen beste lau lagunak arin zauritu ziren.

Mutilak hilabeteak zeramatzan Bolivian, beka batekin, eta haren neska-laguna, I.A.L. gorliztarra, duela egun batzuk heldu zen bertara, oporrak pasatzeko asmoagaz.

Eusko Jaurlaritza familiagaz harremanetan ipini da, eta daborduko lanean hasi dira, gorpuak lehenbailehen ekartzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun