Elkarrizketak

Aletxu Zobaran: "Nire espetxealdia gatazkatsua izan da, baina kide ugari askoz baldintza zailagotan daude"

Aitor Aspuru Saez - Aiaraldea.eus 2018ko urt. 15a, 11:07

Aletxu Zobaran, kalean. AIARALDEA.EUS

Aletxu Zobaran saratxoarra pasa den astean atera zen kartzelatik. Gorlizko semea 2011n atxilotu eta espetxeratu zuten Estatu frantsesean, talde terroristako kidea izatea egotzita. Orain, Aiaraldea eskualdera itzuli da eta bere gatibualdiari buruz mintzatu da, besteak beste.

Lehenik eta behin, zein da zure egoera legala?

Behin behineko askatasuna. Frantzian talde terroristako kidea izateaz akusatu eta kondenatu ninduten. Ondoren, Espainiaratua izan nintzen akusazio bereko agindu bat gauzatuta. Horregatik, bestelakorik gabe, askatu naute eta tramiteak lotu bitartean denbora batez epaitegira sinatzera joan beharra dut. Besterik gabe, Espainiako Erreinuan zein Frantziako Errepublikan bizi osorako lurralde debekua dut eta horrekin batera FIJAIT izeneko zerrendan sartua naukate. Hori, baina, orokorra izaten da Frantzian espetxean egon garenon artean.

Espetxealdi gatazkatsua izan duzu: Lyonen sakabanatua, ondoren Valencen...

Behar bada apur bat bai. Egia da, baina beste kide ugari askoz baldintza zailagoetan daude. Askotan kasu zehatz batzuei arreta eskainita, beste kasu asko estalita geratzen dira. Nire ustez, problematika orokorra bere maila politikotik abiatuta ulertu behar da, eta hor aurkitu irtenbideak. Edozein moduan, gogoratu beharko nuke, nire kasu zehatzera itzulita, ez dudala etsaien aldetik inolako oparirik jaso eta nire zigorra osorik bete dudala.

Ateratzean nahiago izan zenuen ongi etorririk ez egitea.

Ez naiz bakarra izan, baina nire kasuak zalaparta sortu du, eta lotsagarria iruditzen zait. Ongi etorrien kontu hori "paripe" hutsa besterik ez da, baina asko baloratzen dut preso politikoen alde aritzen diren guztien lana; furgonetekin, dirua lortzen, eta abar... jakina. Garaiak aldatu dira eta horrekin batera aliantzak, jarrerak, aukerak eta dena. Hori jende guztiak ulertu beharko luke, baita dena dakitela pentsatzen duten euskal jenioek ere. Bestela, erabaki hori ez da izan pertsonala, politikoa baizik. Ez dudalako ikusten momentu honetan niri omenaldi edo ongi etorririk egiteko egokitasunik. Ez dut ezer berezirik egin, egin beharra baino, eta nahiko trakets, gainera, askotan. Nire aberriaren defentsan eskatu zidaten parte hartzea eta hori besterik ez dut egin. Zorionez bizirik nago, oraindik, eta kalera atera naiz ia zazpi urte kartzelan eman ondoren. Nire omenaldiak estaltzen du irteera datarik ez duten eta momentu bortitzenetan lubakian egon direnekiko atentzioa. Hori da ez dudana nahi. Nire ongi etorria eta omenaldia izango dira azken gudaria askatzen denean.

Ikusten al duzu irtenbiderik preso politikoen auziarentzako?

Ez, baina hori ez dagokio presoari. Presoa etsaien esku dago eta egin ahal duen bakarra da eustea, burua eta gorputza zaintzea eta bizitzeko gogoak elikatzea harreman osasuntsuen bitartez. Konponbidea aurkitzea kanpoan dagoen jendeari dagokio, eta ez da zilegi kanpoko ezintasunak espetxe barrura sartu izana.

Nola aurkitu duzu eskualdea?

Poliki ari naiz Saratxoko baserritik sartu-irtenak egiten. Jende asko berdin-berdin ikusi dut: lan eta lan aurrera beti. Bestalde, telefonoekin eta sareen kontu horrekin ez dakit zer dakarkigun geroak. Asko poztu nau jakiteak Orbeko Etxeak hor jarraitzen duela, gaztetxeak, Aiaraldea...

Albiste hau Aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun