Irakasletza ikasi eta euskal filologian espezializatu zen Gabi de la Maza, Deustuko Unibertsitatean. "Umeekin lan egitea gustuko izan dut beti, irakaskuntzan eman ditudan 37 urte hauetan asko gozatu dut", esan digu Gorlizen bizi den bilbotarrak. Besteak beste, Plentzia, Urduña eta Andrakako barnetegietan egin du lan, eta orain dela urte bi erretiratu zen. Gaur egun, Gorlizko Udaleko euskara zinegotzia da.
Euskararekiko jarrera negatiboak daudela dio de la Mazak, lana topatzeko eta azterketak gainditzeko, kasu. Bere ikasleei sentsazio positiboak helarazi guran ekin zion euskarazko abestiakaz karaokeak egiteari, hain zuzen. Ikasleakaz "erabilera eta motibazioa" landu izan ditu modu horretan.
"Beti erabili izan dut musika nire ikasleak motibatzeko baliabide gisa, gaur egungo erronka gazteenak motibatzea baita: euskara barnetik atera behar dugu, haziak ditugu baina ez dira hazten", diosku. Lehenengo, binilo, CD eta DVDetan ipintzen zituen kantak, eta 2004. urtean, barnetegietara ordenagailuak eta proiektatzeko lehen kanoiak heldu zirenean hasi zen karaokeak sortzen. "Ikasle-talde batek animatu ninduen bideo bat Youtubera igotzera, eta 2008ko uztailean Sorotan Beleren Arratsalde honetan igo nuen. Esker oneko mezu ugari jaso nuen, baita bideo gehiago igotzeko hainbat eskaera ere. Errutina bilakatu zen, etxera itzuli eta afaldu ostean bideoak igotzen nituen". Eta horrela, 2.000 kantu baino gehiago.