Udal-hauteskundeak 2019

Udal-hauteskundeei begira: alderdien arteko lankidetzagaz segitzeko gogoa dute denek

Unai Brea 2019ko mai. 10a, 07:58

Gorlizko Udalean dauden hiru indar politikoen arteko elkarlan arrakastatsua izan da amaitzear dagoen legegintzaldiaren ezaugarri nagusia, eta nork daki, datorrenerako bidea ere horrexek markatuko ote duen. Ez du ematen, bestalde, udalean hiru horiez bestelako indarrik sartuko denik.

Berezitasun bat dauka Gorlizko udal-politikak, eskualdeko besteakaz alderatuta: alderdi denek dute arduraren bat gobernu-lanetan, eta erabaki garrantzitsuetarako gutxienez hiru alderdietako bik egon behar dute ados. Alkatetza EAJk izanda ere, "denen artean gobernatu dugula esan daiteke", adierazi digu Gabi de la Maza Euskara zinegotziak; "eztabaidak egon dira noski, baina ez da talka handirik gertatu, eta esperientzia oso positibotzat dugu, halaxe esan izan du alkateak ere".

EH Bilduren zerrendan joanda aukeratu zuten De la Maza orain dela lau urte, eta oraingoan ere aurkeztuko da, hautagaitzako hirugarren lekuan. 2015eko emaitzak errepikatuta udalera bueltatuko litzateke, hiru zinegotzi eskuratu baitzituen EH Bilduk. Sei ditu EAJk, eta lau GIG (Grupo Independiente de Gorliz) hautagaitzak.

Momentuz behintzat bueltatuko ez dena gaur egungo alkatea da, Arantza Etxebarria, oraingoan ez baitago EAJren zerrendan. Erantzukizun hori hartu duena Nagore Utxupi da, "betidaniko gorliztarra", eta gaur egun udalean kargurik ez duena. Baina hori ez da berrikuntza bakarra, ez horixe: jeltzaleek dituzten sei zinegotzietatik bat baino ez da ageri maiatzaren 26rako aurkeztu duten hautagaitzan.

Talde independente sendoa

GIGeko independenteek ibilbide luzea dute herrian. 40 urte daroatzate funtzionatzen, eta 1983tik, aldiro-aldiro, "zilarrezko domina" lortu izan dute udal-hauteskundeetan, EAJren atzetik beti ere. Baina denborak ez du barkatzen, eta antza, aurten kolokan egon da haien hautagaitza, beteranoen nekearen eraginez. Azkenik, jende gaztea erakartzea eta zerrenda osatzea lortu dute, izen berriz betea. Oraingo zinegotzietatik Idoia Urrutia (gaur egun Turismo zinegotzia) da berriro aurkeztuko den bakarra, bosgarren lekuan, alegia, hautatua izateko aukeraren muga-mugan. Ez litzateke izango GIGek bost ordezkari eskuratuko lituzkeen lehenengo aldia, bestalde. Zerrendaburuari dagokionez, independenteek Iban Perez aurkeztu dute alkate izateko. Bitxikeria modura, esan beharra dago zerrendako azkena, Juan Mari Alonso, lehenengo udal-hauteskundeetan ere izan zela hautagai.

Berrikuntza gutxiago dago EH Bildun, udaleko hirugarren indarrean. Gorago aipatu dugun Gabi de la Mazaz gain, beste zinegotzi bat dago 2019rako zerrendan: Jose Antonio Martinez. Hura da koalizioak aurkeztutako alkategaia, izan ere.  

estatuko alderdi handiek aukera gutxi

Beste zerrenda bi baino ez dute aukeran izango maiatzaren 26an botoa ematera doazen gorliztarrek: PSE-EE eta PP. Sozialisten kasuan, herrian tradizio gutxiko alderdia direla esan beharra dago: 1991tik behintzat ez dute ordezkaririk izan. Hala ere, oraingoan gauza bi alde dituzte: egin berri diren hauteskunde orokorretan izandako gorakadatxoa (mota horretako bozketetan boto "estatala" beti puzten dela kontuan edukita, noski), eta aspaldiko partez, aurkeztu duten alkategaia gorliztarra dela. Bestalde, PSE-EErentzat arerio handienetakoa izan litekeen Elkarrekin Podemosek ez du zerrendarik osatu Gorlizen. Nahikoa ote udalean sartzeko?

PPk emaitza hobeak lortu izan ditu PSE-EEk baino (ez ordea joan den apirilaren 28an, oso azpitik geratu zen eta), baina ez du zinegotzirik 2011tik. Orain dela lau urteko hauteskundeetan botoen % 3 baino gutxiago lortu zuten, eta bilakaerak bide beretik segituko duela dirudi.

Azkenik, 2015eko hautagaitza bi ez dira 2019an aurkeztuko. Batak, Vecinos por Gorliz izenekoak, botoen % 2,96 jaso zituen orduko hartan. Bestea, izenagatik harrigarria eman badezake ere, Sopela-Barrika Orain izan zen. Emaitza hobeak izan zituen (% 5,88), baina ez zinegotzirik lortzeko adinakoak. Hautagaitza independente bi horiek baino are boto gutxiago eskuratu zituzten PSEk eta PPk.

"Hirukoak" badu etorkizunik?

Esan bezala, bai EAJk bai EH Bilduk uste dute azken legegintzaldian hiru alderdien artean izandako lankidetza onuragarria izan dela herriarentzat. Iritzi berekoak dira GIGeko kideak, zerrendan ordezkatuta dagoen "odol berria" barne. "Modu horretan funtzionatuz gauza gehiago lortzen da herriarentzat", diosku Idoia Urrutiak, independenteen izenean HIRUKAgaz berba egin duen hautagaiak.

Horrez gainera, datorren legegintzaldian GIGek landu gura dituen arloen berri eman digu Urrutiak. Garrantzitsuenetako bat parte-hartzea da: "Erdigunekoak ez diren auzoei garrantzia eman behar die Udalak, eurengana hurbildu, baita herriko elkarte denengana ere; horri lotuta, herritar guztiek herriko politikan parte ahal izateko tresnak areagotu egin behar ditugu". Herriko ekipamenduak hobetzea eta berriak sortzea ere GIGen "dekalogoan" dago, Urrutiaren esanetan. Besteak beste, saiatu egingo dira umeak modu autonomoagoan ikastetxeetara joan ahal izateko azpiegiturak gara daitezen, “Txikibide modukoak, alegia".

Nagore Utxupia EAJko alkategaiarentzat ere lehentasunezkoa da "udal-aurrekontuak osatzeko garaian gorliztarren parte-hartzea lortzea", apirilean Deia egunkariari emandako elkarrizketan adierazi zuenez. Azpiegituren alorrean, auditorio bat eraikitzea Gorlizentzat premiazko beharrizana dela uste du Utxupiak; "herrikoentzat zein kanpotik datozenentzat kultur ekimenak antolatzeko aukera emango digu, bertoko elkarteek erabili ahal izatea lehenetsiz beti ere". Behar bezalako gazteleku bat ere gura luke Utxupiak, inguruko beste udal batzuetan daudenen ildo beretik.

EH Bilduk eta GIGek etorkizunerako dituzten lehentasunezko helburuetan ere erabilera askoko kultur ekipamendu bat dago, eskaintza berritzeko ez ezik gaur egun sakabanatuta deun zerbitzu asko bateratzeko, liburutegia esaterako. Modu berean, etxebizitza publikoaren alokairua sustatuko duten politikak martxan ipini gura ditu koalizio abertzaleak, hala nola HAPO berrian lurzoru-kontsumoa murriztu, udalaren "hazkunde naturalari" egokitzeko. Parte-hartzeari dagokionez, Udaleko batzordeak irekiak izan daitezen proposatuko dute.

 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun