Dastatuarte jaialdia: belarri, begi eta mingainez gozatzeko aukera paregabea

Unai Brea 2019ko uzt. 4a, 15:52

Artea eta gastronomia uztartuko ditu jaialdiak. @ DASTATUARTE

Iaz estreinaldi arrakastatsua egin ostean, Dastatuarte jaialdiaren bigarren edizioa hasiko da gaur, gastronomia eta artea uztartzeko errezetari eutsiz. Aurten, gainera, egun bat gehiago izango du ekimenak.

Umore Gauak eta Dastatu Gorliz ekimenak elkartzetik jaio zen iaz Dastatuarte food & art festibala. Ezin hobeto suertatu zen lehenengo saioa, eta arrakastak bultzatuta aurten egun bat gehiago hartzea erabaki dute; hala, eguenetik domekara bitartekoa izango da ekimena.

Antolatzaileek azaldu dutenez, iaz denbora-faltagatik behar bezala gozatu ezin izan ziren hainbat ekintza sartu dituzte aurtengo egitarauan, gura duen edonork gozatu ahal izateko. Multzo horretakoak dira, esaterako, talo-tailerra, koktel-txapelketa, Tito Blas artisautzazko garagardo-fabrikara bisita... Artegune Gastrogunea ere izango da berriro, artisautzazko eta gastronomiako hamaika produktu erosteko aukera eskainiko duen gunea, San Pedro plazaren inguruan.

Eureka! gunea, berrikuntzetako bat

Aurtengo nobedadeen artean, berriz, urdaiazpiko-, ostra-, moule- eta ardo-dastaketa, "Txokolatearen Mundua" tailerra eta Sertutxenan kokatuko duten Eureka! gunea daude. Azken horretan, Makey Makey sormen-esperientzia elektronikoa bizitzeko aukera izango da, baita ere Martin Abrisketaren El país escondido liburuaren aurkezpenean egoteko eta Inés Bermejoren pintura-erakusketa ikusteko. Azken horri dagokionez, uztailaren 1etik 7ra egongo da ikusbide, baina 5ean egingo dituzte inaugurazioa eta bisita gidatua. Azkenik, familiagaz edota lagunakaz dibertitzeko, Rally Ipad Dastatuarte proba-sorta umoretsua izango duzu.

Esan barik doa gauetan ez dela ikuskizunik faltako. Barikuan, berbarako, Dastatuarte Reggae Night musika-emanaldia izango da, eta zapatuan Juanma Gonzalez mentalistaren ikuskizuna, "Got Talent-eko epaimahaia ere liluratu zuena", jaialdiaren antolatzaileen berbetan. Musika-ikuskizun ederra eskainiko dute ere Karla Imbertek eta Amaia Arrizabalagak, baina ez gauez, domeka eguerdian baizik. Ahots biko duoa osatzen dute Imbertek eta Arrizabalagak, gitarra akustikoagaz eta kutxa flamenkoagaz lagunduta.

Domekan, salmenta solidarioak

Jaialdiaren akabuko eguna da, era berean, Dastatuartek elkartasunerako aukeratu duena. Alde batetik, akuarela bat margotzen irakatsiko dute, eta egindako koadroa zozkatuko egingo dute ondoren, txartela hiru euroan salduz. Geroxeago, bazkalorduan, paella solidarioa banatuko dute euro baten truke. Modu bi horietan batutako dirua adingabeko transexualen familiek osatutako Naizen elkarteari emango diote.

Ikusi hemen egitaraua osorik

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun