Lehendakariak Gorlizko ospitalea bisitatu du haren ehungarren urtemugan

Erredakzioa 2019ko ira. 4a, 12:23
Gaur goizeko bisita. © IREKIA

Ehun urtean haurrentzako itsas erietxea izatetik garuneko erasanen errehabilitazioan erreferentziako ospitalea izatera iritsi da Gorlizko ospitalea.

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean bisitatu du garai batean itsas erietxea izan zena eta gaur egun Osakidetzaren Gorlizeko ospitalea dena, aurten 100 urte betetzen baititu. Aukera baliatuta, mende osoan egindako lanagatik zoriondu ditu bertako profesionalak.

Bisitan lehendakariagaz batera izan dira Osasuneko sailburu Nekane Murga, Osasuneko sailburuorde Iñaki Berraondo, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuorde Fátima Ansotegi eta Osakidetzaren zuzendari nagusi Juan L. Diego, bai eta Gorlizko ospitaleko zuzendari-gerentea, Carmen Rodríguez, ere.

Bisitaren hasieran egin den lan-bileran, Gorlizko ospitaleko zerbitzuen berri eman diote lehendakariari ospitaleko arlo ezberdinetako arduradunek. Ospitaleak une hauetan 179 ohe eta 339 langile ditu.

Jarraian, Iñigo Urkulluk instalazioak bisitatu ditu, zehazki, errehabilitazio-terapietako unitateak eta Gorlizko ospitalearen ehungarren urtemugaren oroitzapenezko argazki-erakusketa, sortu zenetik gaur arterainoko historia osoa, Osakidetzan 1985ean integratu zenekoa barne, irudietan jasotzen duena.

Iñigo Urkullu lehendakariak eskertu gura izan du ospitalea kalte zerebralaren errehabilitazioan erreferente bihurtu duten profesionalen lana: “Hazten jarraitzeko egokitu izpirituari jarraitu dio Gorlizko ospitaleak 100 urteotan, eta lorpen hori pazienteen eta erabiltzaileen konfiantzan eta osasunaren, administrazioaren eta zuzendaritzaren arloko profesional guztien arduraldian oinarritzen da.”

Osakidetzaren Gorlizko ospitalean konfiantza izan duten erakundeen eta pazienteen papera ere baloratu du Iñigo Urkulluk. Joan den urtean, 2018an, ospitaleratutako 2.300 bat pertsona artatu ziren bertan, eta kanpoko kontsultetan, berriz, 40.000 inguru.

Ospitalea 1919an hasi zen tuberkulosia zuten adingabeak artatzen, eta gaur egun traumatologiako errehabilitazioa, erredurak eta anputazioak dituzten pertsonena eta garuneko erasanena, eta ospitaleratzea eskatzen duten beste errehabilitazio-prozesu batzuk, egiten ditu. Zainketa aringarrien unitatea, egonkortze-unitatea eta susperraldi-unitatea ere baditu, eta, azpiakutuen ospitale gisa, fase horretan, bai akutuen ospitaleetan, bai egoitzetan edo etxebizitzetan, dauden prozesu klinikoetara egokitzen da. Horrez gainera, ospitalez kanpoko arreta ematen du Barrualdeko eta Uribeko ESIetako lehen arretako zentroetan.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun