Kinpuletxeren desalojoa

Eta orain zer, beste 20 urte hutsik?

Kinpuletxe Bizirik 2020ko ots. 20a, 12:32

Gaur, otsailak 20, Kinpulene kaleko 47 zenbakiko etxetik kaleratzen gaituzte. Azken zortzi hilabeteetan,  hogei urte luzez hutsik egondako etxe honi bizitza eman diogu espekulatzaileek ezagutzen ez dituzten bi trikimailuren bidez: erabilera eta auzolana. Azken zortzi hilabeteetan, gure ortuan hazitako barazkiak dastatu ditugu, bisita mordoa jaso ditugu egun lasaietan eta are elkartasun gehiago egun gatzetan, etxeko espazio komunekiko lotura sortu dugu… elkarbizitza proiektu alternatibo bat eraikitzea izan da gure asmoa.

Hasieratik genekien etxe huts honetara bizitzera sartzeak prozesu judizial bat ipiniko zuela martxan. Hala ere, gu marko judizialetik kanpo jabeekin kontaktua sortzeko eta akordio batera heltzeko saiakerak egin ditugu, baina nahiago izan dute etxea beste hogei urte hutsik egoteko aukera mantentzea. Okupazioa larritzen zaituztenoi, ez zaituzte asaldatzen etxe hutsak edo etxe gabeko jendea egotea?

Inoiz baino gehiago, argi daukagu duela zortzi hilabete okupatzeko hautu politikoa egitean zuzen geundela. Alde batetik gu, soldata baxuekin, langabezian, kutxazainetan hotzez hiltzen, emakume izateagatik baldintza kaxkarragoetan, gurasoen etxetik irten ezinik… Bestean, alokairuen prezioak neurririk gabe gora, etxe hutsak, espekulazioa. Honen aurrean, okupazioa eta erabilera bizitza duinak eskuratzeko tresna zilegitzat aitortzen ditugu.

Uribe Kostan etxebizitza eskubidearen alde lanean jarraituko dugu.

Etxe huts guztien sarrailak ditugu.

Kinpuletxeren desalojoaren harira helarazitako komunikatua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun