Elkarretaratzea egin dute Kinpuleneko etxea okupatzeagatik epaitu dituzten bi lagunakaz elkartasunez

Unai Brea 2019ko uzt. 16a, 11:24

Epaituen alde egindako mobilizazioa. UNAI BREA

Gorlizko Kinpulene kaleko etxe bat okupatzeagatik "usurpazio" salaketa jasotako lagun bien aurkako epaiketa egin dute Getxoko Justizia Jauregian, eta haiekiko elkartasunez hogeiren bat lagun elkartu dira eraikinaren kanpoko aldean. "Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, okupazioa zilegi da", adierazi dute. Isuna ezar diezaiekete zigor modura.

Epaiaren zain geratu da auzia, goizean Getxoko 6. epaitegian egindako saioaren ostean. Auzipetuek eta eurei laguntzera joandakoek adierazi dutenez, "eskualde honetan etxebizitzarekin arazo handia dago, gaitza da emantzipatzea, erostea ezinezkoa da eta alokairua ordaintzea oso zaila".

Horren aurrean, zilegitzat jo dute okupazioa, eta gogorarazi dute Gorlizko Kinpulene kalean okupatutako etxeak hogei urte zeroatzala hutsik, "espekulatzeko asmoz eraiki zenetik". Etxeko ugazaba den familiak ez du bat egiten ikuspegi horregaz, baina ez du adierazpenik egin izan gura.

Gaurko salatuak salatzaileak ere badira aldi berean, joan den ekainean Gorlizko etxe horretatik kanporatuak izan zirenean kolpeak jaso eta lesio arinak izan zituztela eta. Auzi biak beharbada batu egingo zituztela adierazi dute epaitegira sartu baino lehen, baina bertako zenbait iturriren  arabera nekez gertatuko da hori, bateko eta besteko delitu-motak desberdinak direlako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun