Gorlizko jaiak, bertan behera

Erredakzioa 2020ko uzt. 17a, 18:34

Iazko santiagoetako jaitsiera. UNAI BREA

Santiago egunerako astebete falta dela, Gorlizko udako jai denak bertan behera geratuko direla jakinarazteko iragarkia kaleratu du gaur Gorlizko Udalak. Sanpedroak (daborduko igarota), santiagoak, Andra Marikoak, San Lorentzokoak eta Urezarantzakoak dira osasun-krisiaren ondorioz aurten egingo ez diren jaiak.

Orain aste batzuk iragarri legez, jairik ezean bestelako kultur ekitaldiak antolatzeko asmoa du Udalak. Gaurko iragarkian diotenez, "Eusko Jaurlaritzak ezarritako higiene eta osasun-segurtasunerako neurriak zorrotz beteko dira horietan ".    

Ekitaldi horiek egin ahal izateko herritar denek arduraz jokatu beharko dutela gogorarazi dute, eta araudia betetzen ez denean Udalak ekitaldiak eteteko eskubidea izango duela iragarri dute. Era berean,  "ostalaritzari dagokionez, ezingo da kanpoko barrarik instalatu, ez da musika-ekipamendurik instalatuko establezimenduen kanpoaldea, eta ixteko ohiko ordutegiak errespetatuko dira", dio iragarkiak. Tabernei ez dagozkien kaleko gune publikoetan edatea ere galarazita egongo da.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun