Gaur egungo egoera "orain dela aste batzuk salatu genuenaren emaitza baino ez da", dio LABek, "Gorlizko ospitalearen ezaugarriak direla eta". Zehaztu dutenez, logela askotan launa gaixo egoten dira, eta euren patologien ondorioz ezin dute musukorik eduki, edo ez da komeni edukitzea. Gaixo horietako bakoitzak bisita bat jaso ahal izan duenez (orain etenda daude bisitak) momentu askotan zortzi pertsona egon dira aldi berean "leku txiki eta gaizki aireztatutako batean".
Sindikatuaren esanetan, urri hasieran eman zioten egoera horren berri Laneko Osasun Zerbitzuari, baita erietxeko Prebentzio Medikuntzako arloari ere. Langileak maskara kirurgiko hutsakaz beharrean zebiltzala adierazi, eta horiek emandako basea eskasa izan litekeela gaineratu zuten. "Erantzuna izan zen gaixoek, ordura arte egindako PCR proben arabera, ez zutela COVIDik, eta maskara kirurgikoa nahikoa babes zela langileontzat", azaldu digu LABen ordezkari batek.
Momentu honetan 40 langilek eta 30 gaixok SARS-CoV-2 birusa dutela jakinarazi du LABek.
"Gorlizko Ospitaleko Zuzendaritzak ez du autokritikarik egin", deitoratu du sindikatuak, "eta bai, ordea, langileak erruduntzat jo, 'kafea hartzeko orduan erlaxatu' direla argudiatuz. Zuzendaritzak mahai gainean jarritako neurri bakarra aurpegiko pantaila bat gehitzea da. Noiztik da aurpegiko pantaila arnas babesa?".