Azaroak 25

Emakumeen aurkako indarkeria azaleratzeko ekimenak egingo dituzte egunotan Gorlizen

Erredakzioa 2020ko aza. 23a, 10:15

Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela eta, askotariko ekimenak egingo dituzte Gorlizen. Udalak, Gorlizko Emakumeak eta Sorginen Alabak taldeek antolatuta, elkarretaratzea egingo dute eguaztenean, 12:00etan, Elizako plazan. Egun horretatik hasita, gainera, indarkeria sinbolikoaren inguruko egun biko tailerra egingo dute Aitziber Aginagaldek gidatuta. Azkenik, hilaren 27an, berdintasunari eta genero indarkeriari buruzko elkarrizketak egingo dituzte Natalia Getinogaz.

Azaroaren 25ean eta 26an, "Indarkeria sinbolikoa: patriarkatu kamuflatua" izeneko tailerra eskainiko du Aitziber Aginagaldek Sertutxenan. Kurtsoa 18:30etik 20:30era izango da, eta plaza mugatuak egongo dira. Ikastaro horretan, indarkeria sinbolikoa zer den ulertzen saiatuko dira, "ez delako erraza, eta are gutxiago indarkeria hori identifikatzea eta ikustea", azaldu dutenez. Tailer horren helburua da ulertaraztea, ikuspegi antropologiko eta feminista bategaz, partiarkatua organismo bizi gisa funtzionatzen duen gizarte-antolamenduko sistema bat dela eta, beraz, "jaio, hazi eta ez hiltzeko bere biziraupen-mekanismoak sortzen jakin duela".

Barikuan, hilaren 27an, Natalia Getinok berdintasunari eta genero indarkeriari buruzko elkarrizketak eskainiko ditu askotariko emakumeakaz. Saioa 18:30etik 20:00etara izango da, Sertutxenan. Horrek ere plaza mugatuak izango ditu: 15.

Saio bietako batera parte hartu gura dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena emailez, telefonoz (946 774 000) edo Gorlizko kultur etxean, azaroaren 24a baino lehen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun