Kapuscinskiren erretrobisorea izeneko poema-bilduma argitaratu duzu. Zer dela eta Poloniako kazetariaren erreferentzia hori?
Bidaia egin aurretik, “bide luzea” egingo genuela argitu ondoren, bidaia-liburuak irakurtzen hasi nintzen. Eta hara, hor agertu zen Kapuscinski, bere kazetaritza berezi horrekin bidaia-mota ezberdinak erakusten dituena, betiere lekuei garrantzia emanda, eta ikuspegi kritiko eta pobretuaren edo zapalduaren aldetik. Ondoren, Kapuscinski poeta ere ezagutu nuen baita ere. Badauka poesia-bilduma oso bat, eta bidaian bertan erabaki nuen poesia baino ez nuela idatziko. Kazetari horren ikuspegitik abiatuta, ikusi nuen geografiaren eta bidearen arteko lotura. Hala, uste nuen indarra izan zezakeela erretrobisorearen berba erabiltzea: bidaiak zer esan zezakeen, eta zelan bidaiatu daitekeen autokritika eginez; zelan bidaiatzen dugun gaur egun, eta zelan berak egiten zuen alderatuta.
Zer aurkituko du irakurleak bilduma horretan?
Bidaia bat da; nire bidaia. Kronologikoa da, hasiera eta amaiera duena, baina bestelako zertzeladak dituena; herri- eta hizkuntza-zapalduen ikuspegia ere jorratu ditut. Izan ere, hasiera batean, zirriborroak egiten hasi nintzenean, helburua ez zen liburu bat egitea, baizik eta nire buruarekiko informazioa lortzea.
Hurrengoa geralekua: haur-literatura
“Idaztea biluzte- ariketa izan da; orain horri beldurra kendu eta beste proiektu bati ekin diot: haur-literaturarako liburutxo bat. Orain ilustrazioak lantzen ari gara”
Bidaian bizitakoen artean zer nabarmenduko zenuke?
Autokarabanaren txikitasuna: ez dela gehiago behar; bertan kabitzen denarekin nahikoa zen. Baliagarria izan zitzaigun bizi dugun materialismo eta kontsumismotik bestelako ikuspegi bat hartzeko; sinpleagoa, polikiago bizitzekoa. Bestalde, bidearen garrantzia. Bidaian bertan konturatu nintzen ez dela beharrezkoa bidaiatzea bidaiatzeko; txikitasunean, norberak bere etxean ere bidaia dezake, irakurtzen, besteak beste.
Azken finean, zer da bidaiatzea?
Ez dugu zertan inora joan; literaturatik edozein herrialde ezagut daiteke. Egia esan, ez da ezer egin behar. Bizitza bera da bidai bat.
Bidea aipatzen duzu askotan...
Bidea da egiten duzuna, eta egiten zaituena. Ezin da gelditu. Batzuetan, gainera, bidea eta poesia maila berean koka daiteke. Hau da, batzuetan, gauza batzuk ezin dira azaldu; zaindu behar dira forma batzuk, arau batzuk. Poesiak bide ematen du egiteko, askatasun osoz. Horregatik, Kapuscinskik esaten zuen batzuetan poesia dela bidea, zentzu denetan. Eta nik hortik hartu dut.
Irakurtzeaz gainera, poemak entzun daitezke baita ere.
Kar kar kar, bai. Aukera hori eskaini zidaten, eta norberaren ahotsa entzutea arrotza dela jakinda, ariketarik gogorrena egin zitzaidan. Zirriborroak erraz idazten nituen, baina grabatzearena ia-ia antzeztea izan zen. Poesia ez dut inoiz entzun, baina harez geroztik banabil horretan. Polita da.