Gorlizeko zenbait auzokide eta elkartek protesta egiteko deia egin dute, azken asteburuetan udalerrian egon diren ekintza "bandalikoakaz gogaituta" daudelako. Sare sozialen bidez zabaldu duten deialdian, bihar, abuztuaren 25ean, 20:00etan, Gorlizeko Walitxo tabernan elkartuko direla jakinarazi dute.
Udaldi honetan gutxienez sei aldiz egin diote eraso Gorlizko txiringitorari, eta, oraingoan, kalteak direla eta, egun batez itxi behar izan dutela deitoratu dute lokalaren arduradunek. "Leiho bat apurtu eta barrualdea hondatu dute. Horren ondorioz, itxi eta domekako erreserba guztian bertan behera utzi behar izan ditugu, ezin izan zigutelako argia berrezarri, eta ezin genituelako gauzak erosi", azaldu diote bertako ostalariek Plentzia Telebistari.
Horretaz gain, pinudian eta inguruetan ehunka lagun batu ziren asteburuan, eta, oraingoan ere, Ertzainek esku hartu behar izan zuten jende-pilaketak eta borrokak kontrolatu ahal izateko.
Deialdiaren antolatzaileek salatu dutenez, "beste egun batez, Gorlizko txiringitoan jasaten ari garen bandalismoaren ondorioakaz esnatu gara, gure agintarien aldetik inolako irtenbiderik gabe". Azaldu dutenez, Gorliz eta Plentziako herritarrak nekatuta daude asteburuz asteburu kale-zurrutaren ondorioak pairatzeaz: pinudia eta hondartzaren inguruak zikinkeriaz beteta eta hiri-altzarien aurkako erasoak, besteak beste.