Ari du Elkartasun Eguna egingo dute zapatuan Gorlizen

Ander Zarraga 2021ko ira. 20a, 15:17

Mahai-inguruak, hitzaldiak, kontzertua eta beste hainbat ekintza prestatu dituzte zapatu honetarako Gorlizen egingo duten Ari du Elkartasun Egunerako. Jarduerak gune bitan egingo dituzte: udaletxeko plazan eta Estratakoetxea parkean.

Pandemia garaian sortutako Ari du Elkartasun Sareak herriko eragile izaten jarraitu gura du. Horregatik, eta herriko plazak jardueraz betetzeko asmoz, Ari du Elkartasun Eguna antolatuko dute zapatu honetarako, irailaren 25erako. Goizeko 11:00etatik hasita, egun osoko egitaraua prestatu dute, udalerriko puntu bitan garatuko diren hainbat ekintzagaz. Alde batetik, Gorlizeko udaletxeko plazan, mahai inguruak egingo dituzte, hainbat eragileren eta herritarren parte-hartzeagaz gai ezberdinen inguruan hausnarketa bultzatzeko, eta, bestetik, Estratakoetxea parkean, bazkaria eta ipuin kontalaria egongo dira, besteak beste.

Ane Escondrillas Ari du Elkartasun Sareko kideak azaldu duenez, "pandemian sortutako hainbat lantaldek oraindik ere ekinean jarraitzen dute, izan ere, herriko eragileak izaten jarraitu gura dugu; horregatik, eskaintza indartsua prestatu dugu zapaturako". Iragarri duenez, zapaturako eskualdeko hainbat eragile elkartuko dituzte Gorlizen beraien lan-arloen ingurua berba egiteko. Hala, hiru mahai-inguru antolatuko dituzte: "Plentzia, Gorliz eta Lemoiz eraldaketa bidean"; "Burujabetza eraldaketa bidean"; eta "Elkartasun sareen esperientziak".

Goiener kooperatibako kideek ere "Pobrezia energetikoa eta ekimen kolektiboak" hitzaldia eskainiko dute, eta Carlos Taibok Historias antieconomicas liburua aurkeztuko du. Bukatzeko, 19:30ean Er Duende eta Krianza Sovien Mixtape artistek kontzertua emango dute.

Egitaraua

  • 11:00etan, Estratakoetxea parkean, gosariagaz eta ekitaldiaren aurkezpenagaz batera, goizean zehar egongo den azoka ekologikoari hasiera emango diote.
  • 11:30ean, udaletxeko plazan: lehen mahai ingurua egingo dute, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz eraldatzeko bidean dauden erronkei buruz. Horretarako eskualdeko elkarteak gonbidatu dituzte: Sorginen Alabak, Ionan Marigomez (PIE), Lemoiz Natura eta Danontzat gaztetxea.
  • 12:00etan, Estratakoetxea parkean: pobrezia energetikoa eta ekimen kolektiboen inguruko hitzaldia eskainiko dute Goiener kooperatibako kideek.
  • 13:00etan, udaletxeko plazan Historias antieconomicas liburuaren aurkezpena egingo du Carlos Taibok.
  • 14:30ean, Bazkaria eskainiko dute Estratakoetxea parkean. Tiketak egunean bertan erosi ahalko dira bost euroko prezioan.
  • 16:30ean, mahai-inguruak berrekingo dituzte udaletxe plazan. Unai Apaolaza (Ehun), Estitxu Garai (EHUko irakaslea) eta Hodei Rodriguez (Sukar Horia) hizlariak arituko dira burujabetzaren eraldaketa bidearen inguruan.
  • 17:00etan, Maite Franko ipuin kontalaria egongo da Estratakoetxea parkean.
  • 18:00etan, Udaletxe plazan azken mahai-ingurua egingo dute Elkartasun sareen esperientziak partekatzeko. Batuz Elkarlaguntza Sarea, Elkarlaguntza Sare Galdakao, AZET (Alde Zaharreko Etxebizitza Taldea) eta Ari du Elkartasun Sarea elkarteetako kideak egongo dira bertan.
  • 19:30ean, jardunaldiari amaiera emateko, Er Duende eta Krianza Soviet Mixtape taldeek kontzertu bana eskainiko dute, Estratakoetxea parkean.

 

Erlazionatuak

Ari Du elkartasun-sarea sortu dute

Erredakzioa · Bideoa: Plentzia Telebista 2020 eka 17

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun