Gorlizko ikastetxea garbiketa-zerbitzurik gabe dago ikasturtea hasi zenetik

Ander Zarraga 2021ko aza. 3a, 10:49

Gorlizko ikastetxea, kanpotik.

Gorlizko Udalak azpikontratutako garbiketa-zerbitzuko langileak greban daude, eta, horren ondorioz, ikasgeletako egoera "jasanezina" dela salatu dute bertako ikasleen gurasoek; deitoratu dutenez, ikasturtea hasi denetik, "eskola ez da garbitu, eta Udalak ez du konponbiderik ematen". Hori dela eta, azaroaren 5ean manifestazioa egingo dute ikastetxetik abiatuta.

Gorlizko ikastetxeko zikinkeria "jasanezina" dela salatu dute bertako ikasleen gurasoek. Gorlizko Udalak azpikontratatuta duen garbiketa-zerbitzuko langileak grebara joan zirenetik, 2020ko martxoaren hasieratik, eskolako ikasleen gurasoen kexak ugaritzen joan dira, eta, azkenik, urriaren 28an elkarretaratzea egin zuten udaletxearen aurrean. Barikuan, azaroaren 5ean, barikuan, berriro ere mobilizatuko dira; oraingoan, manifestazioa egingo dute ikastetxetik abiatuta, herrian zehar, 16:15ean hasita.

Gurasoek salatu dutenez, "ikasturtea hasi zenetik, ez da eskola garbitu eta Udalak ez du konponbiderik ematen". Kontua da Udalak azpikontratatuta duen garbiketa-zerbitzuko langileak grebak daramatzatela 18 hilabete: 2020ko martxoan, alarma-egoera hasi zenean, langileek greba bertan behera utzi zuten, pandemia zela-eta; hala ere, 2021eko maiatzean berriro ekin zioten grebari. Eskatzen dute herriko kale-garbiketako langileekiko daukaten soldata-arrakala amaitzea eta baldintza duinak bermatzea.

Udaletik adierazi dute ikastetxeko idazkaritzak egin beharko lukeela salaketa, administrazioak horren berri izateko. Nagore Utxupi Gorlizko alkateak, bere aldetik, El Correo egunkariari adierazi dionez, "aurreko urteko maiatzean higiene-zerbitzuetako partida ekonomikoa handitu genuen, antza denez, langileen soldatetan islatu ez dena". EAJko udalburuak gaineratu du gatazka laborala dela, "eta erakunde publikoa garenez, ezin gaitezke sartu, legez kanpokoa litzatekeelako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun