Elkarrizketak

Alex Ygartua: "Dantzak eta biolinak bat egingo dute, pertsonaia bakarra osatzeraino"

Iker Rincon Moreno 2021ko abe. 7a, 19:32

Iñaki Lagos eta Zuria Bolaños, entseatzen.
El tango ya no existe ikuskizunean, Iñaki Lagosen biolinaren soinu zorrotzak gidatuko du Zuria Bolaños dantzaria, dena Alex Ygartua zuzenduta. Horixe da bihar, abenduaren 8an, Gorlizko elizan aurkeztuko duten lanaren gidalerroa, dantzak, antzerkiak eta musikak bat egitekoa, Astor Piazzolla konpositore argentinarraren mendeurrena ospatzeko. Arrastiko 19:30ean izango da saioa, doan; horren nondik norakoak azaldu dizkigu lanaren zuzendari Alex Ygartuak.

Astor Piazzolla konpositore argentinarraren ibilbidean oinarritutako lana aurkeztuko duzue; zer kontatzen du ikuskizun horrek?

Aurten, 2021ean, ehun urte bete dira Piazzolla jaio zela. Martxoaren 11n egin zen mendeurrena, eta orain urtebete hasi ginen lan hau prestatzeko lanetan. Duela sei urte, baina, Zuria Bolaños dantzaria eta Iñaki Lagos biolinistak bat egin zuten ikuskizun batean, Piazzollaren pieza txiki bat interpretatzen zuena; ni izan nintzen ekitaldi horretako aurkezlea, eta, une horretan bururatu zitzaigun horren moduko lan handiago bat egin behar genuela. Halere, hor gelditu zen ideia. Halere, duela urtebete, mendeurrena ate joka zegoela, pentsatu genuen momentu polita zela buruan genuen ideia hori gauzatzeko, eta antzerkia, musika eta dantza bateratuko zituen ikuskizun bati forma ematen hasi ginen. Horretarako, Seis estudios tanguísticos para violín lanean oinarritu gara; dira sei pieza, biolinarekin jotzekoak, eta horri gehitu diogu dantza. Halaber, Piazzollaren bizitzaren momenturik berezienak hartu ditugu, eta, hortik abiatuta, istorio berezi bat taularatuko dugu.

Berez kontatu nahi duguna da zer-nolako influentzia izan zuen berak tangoaren munduan. Berak irauli zuen tangoa, goitik behera, eta aldatu egin zuen. Berak esaten zuen tangoa jada ez zela existitzen, akabatuta zegoela, bestelako gauza bat zela; eta hori irauli zuen. Ordutik, XX. mendeko konpositorerik garrantzitsuenetakoa da Piazzola, eta horren omenez nahastuko ditugu musika, dantza eta antzerkia. Musikak garrantzi handia du lanean, baina dantzak, argiak eta eszenografiak ere bere lekua izango du.

Zaila izan zaizue hiru diziplina horien nahaste- eta sortze-lana?

Zaila baino berezia izan da. Gure artean asko ezagutzen dugu elkar, eta konfiantza handia dugu denon artean. Halere, aitortu beharra dago batzuetan bidea aurkitzea ez dela batere erraza izan. Buelta asko eman dizkiogu gauza guztiei, azkenean, bakoitza diziplina batetik datorrelako; dantza, antzerki eta musikaren sortze-prozesuak oso ezberdinak dira. Hala, horiek denak amankomunean jartzea eta batasun bat ematea korapilatsua izan daiteke. Horretarako, baina, inprobisazio asko egin ditugu, nork berea azaleratzeko, elkar ulertzeko eta benetan taularatu beharrekoa ateratzeko. Pertsonaien arteko harremanak landu ditugu, garrantzitsua ikusten genuelako protagonista biak konektatuta egotea eta ikustarazteko bakoitzaren pertsonaia; zelako trantsizioa egiten den hasieratik amaierara, emozioetatik, begiradetatik eta mugimenduetatik abiatuta. Azken finean, ikuskizunak ez du testurik.

Urtebeteko lanaren emaitza izan da hau...

Bai, mendeurrena aprobetxatu nahi izan genuen aurkezpena egiteko, eta duela urtebete hasi ginen lanean. Hasieratik finantzazio-iturri baten beharra azpimarratu genuen, egindako prozesua duina izan zedin. Horretarako, Gorlizko Udalarengana jo genuen, eta erakunde horren babesa izan dugu hasiera-hasieratik; oso eskertuta gaude horrekin.

Astor Piazzolla Argentinako XX. mendeko konpositorerik garrantzitsuenetakoa izan da. Berak irauli zuen tango tradizionala, eta estilo berria sortu zuen. Elementu berriak txertatu zituen bertan, hala nola jazza eta musika klasikoa. Beste ikuspegi bat eman zion tangoari.

Zeintzuk berezitasun izango ditu lanak?

Hirurak gatoz diziplina oso ezberdinetatik, nahiz eta kanpotik iruditu daitekeen hirurak berdinak direla edo lan egiteko modu berdina dutela. Baina, esan bezala, oso ezberdinak dira. Orduan, ikuskizuna da antzerkia, da dantza eta da musika. Musikari garrantzia ematea zen oinarrizkoena, eta, hortik abiatuta, beste guztia gehitu diogu: dantza, eszenografia eta istorioa. Berezitasuna izango da ikustea nola nahasten den dantza eta biolinaren doinua, bat egiteraino; ikuskizunean bi pertsona daude, baina, askotan, ikusleak pentsatuko du bakarra dela. Hori lortu nahi izan dugu bereziki. Bi pertsonekin saiatu gara erakusten Piazzollak zituen kontraesanak, baina zelan, azkenean, bat egitea lortu zuen, bide propioa eginez.

Gorlizko elizan izango da saioa; ohikoa izaten da mota honetako lanak mota horretako azpiegituretan antzeztea?

Musika klasikoaren kasuan, askotan egiten dira saioak horietan, akustikagatik. Gure kasuan, baina, ez da hala; ikuskizun bat da, eta ez zaigu oso ohikoa izango bertan egitea. Hori dela eta, beste hainbat medio jarri behar izango ditugu eremu hori egokitzeko. Esperientzia bat izan behar da ikuslearentzako, ez bakarrik musika entzutea. Gure kasuan, politagoa edo errazagoa izango litzateke antzoki batean egitea, baina, udalerrian ez dagoenez halakorik, eliza da lekurik aproposena.

COVID-aro honetan, zailtasun askori egin behar izan diozue aurre?

Gure kasuan, ez dugu horrenbeste zailtasun eduki, azkenaldian muga askorik ez ditugulako izan. Hala ere, musukoaren erabilerak traba egin digu emozioak-eta transmititzeko, eta gaixoen kontaktu zuzenak izateagatik ere prozesua nolabait luzatu zaigu. Hori izan da zailena, lana luzatzeak energia agortzea eragiten duelako, eta zaila delako goian eta aktibo mantentzea gure burua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun