Gorlizko kiroldegia berrizteko lanak hastear daude, COVID-19aren izurriteak egitasmoa bi urtez atzeratu ondoren. Laster sarbideko eraikinean lanak hasiko dituzte, baina, horren aurretik, S.D. Gorliz futbol taldeak kudeatzen zuen taberna ixtea izan da lehen pausoa. Jose Luis Arrola Gorlizko Udaleko Kirol zinegotziak azaldu duenez, bertan, kiroldegiko sarrera egingo dute, besteak beste. Baina ez hori bakarrik, Gorlizko Udalak hainbat berrikuntza egin gura ditu kirol-instalazioen eskaintza hobetu eta dibertsifikatzeko helburuagaz. Horretarako, Udalak 1,2 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du aurten, kiroldegiko elementuak faseka berritzen joateko.
Taberna zegoen tokian sarrera egiteaz gain, taldeentzako kirol-materiala gordetzeko tokia handituko dute: "Hasieran, proiektu handiagoa geneukan, baina diru-kontuak eta eraikin berriak egiteko ezintasuna dela eta, instalazio hauek baliatuko ditugu". Taberna kendu duten arren, aukera ezberdinak ari dira ikertzen hori ordezkatzeko, beteak beste, food truck bat edo antzeko zerbait jartzea; gainera, kirol-materiala gorde ahal izateko beste toki bat jarri gura dute, baina eraikigarritasun-koefizientea agortuta dagoenez bestelako aukerak ari dira ikertzen.
"Bestalde, futbol zelai bietako zorua aldatuko dugu: behekoan belarra kendu eta zelai artifiziala jarriko dugu, horrek erabilera gehiagotarako aukera emango du, ez baita hainbeste hondatuko; goikoan, aldiz, belar artifiziala berrituko dugu, orain dagoena hondatuta baitago", azaldu du Arrolak. Hala ere, esku-hartze horiek udaldian egiteko asmoa dute, "umeen futbol denboraldia etenda dagoenean". Horretaz gain, atletismo pista zaharberritu eta parkour gune bat ere eraikiko dutela iragarri du. Hala ere, daborduko, zenbait esku-hartze ari dira egiten kiroldegiko zerbitzuak hobetzeko, hala nola padeleko eta teniseko pistetako lurzorua aldatu eta saskibaloi kantxan zelaia margotu dute. Beste berrikuntza batzuen artean, azken belaunaldiko 51 ledek osatutako argiteri berria ere jarri dute.
Pabiloi berria ere laster funtzionamenduan hastea aurreikusten dutela azaldu du Arrolak: "Oraindik ez dugu jaso, barruan suteen aurkako instalazioan azken egokitzapen batzuk egin behar dituztelako, baina gure asmoa da aurten erabiltzen hastea, eta pabiloi zaharreko jarduerak bertara eramatea, hala nola fitness, muskulazio-gela, spining, karate eta aikido". Eraikin berrian kirol mota horietara egokitutako sei gela eta aldagelak daudela zehaztu du, eta zaharrean boxeoa edo eskalatzeko boulderra mantenduko dituzte.
Berrikuntza hauekaz kiroldegiko eskaintza hedatzea ere aurreikusi dute, eta orain arte zegoenari saskibaloia, eskubaloia, atletismoa, tenisa, BTT edo boxeoa gehitu gura diote. "Orain arte oso gutxi erabiltzen ziren instalazioak, batez ere futbolarentzako, baina egiten diren jarduerak zabaldu gura ditugu, eta, horretarako, herriko elkarteakaz batu gara, egiten dituzten jarduerak hona ekartzeko".
Urtea amaitu baino lehen prest
"Espero dugu urtea amaitu baino lehen guztia eginda egotea", iragarri du Arrolak. Gainera, orain arte, hainbat kudeatzaile bazeuden, iaz amaitu zen kontzesioa aurten berritu beharko dute, eta Udalaren asmoa da enpresa bakar batek dena kudeatzea.
"Uste dut kirola oso garrantzitsua dela, eta erabiltzaile moduan ere zerbait egin behar genuela pentsatzen nuen", adierazi du Arrolak. Gaineratu duenez, orain arte herritik baztertuta zegoen gune horri bizitasuna eta erabilera eman gura diote, herriko kirol-elkarteek beraien jarduerak egiteko toki bat izan dezaten: "Orain arte, futbolekoak bakarrik etortzen ziren, baina gure asmoa da sarbidea kontrolatzea, eskaintza hobetzea eta herriko jarduerak hona ekartzea".