Mendibikeko kideek azpimarratu dutenez, elkartearen funtzionamendurako "berebizikoa" da Urezarantza kiroldegian duten pabiloia, bertan gordetzen baitituzte euren ateraldietarako materialak eta hor dutelako beraien tailerra. 134 kide dituen elkarteak mendiko txirrindularientzako ateraldiak antolatzen ditu eta bideen zaintza eta garbiketa ere sustatzen du; gainera, aurten 30. BTT txapelketa ere antolatuko dute.
Taldeak 2002tik darama kiroldegiko lokal hori erabiltzen, baina Udalak bertatik kaleratzeko dekretu bidezko agindua helarazi die. Agintariek argudiatu dute udalerriko elkarteen beharrei erantzuteko lokal nahikorik ez dagoela, eta "interes orokorraren araberako eskaerei erantzuten dion bidezko banaketa egitea da helburua", zehaztu dute. Udal-iturriek gaineratu dutenez, iazko azaroko udal-lokalen erabilerari buruzko erregularizazioaren bitartez, pabiloia berreskuratu gura dute hori berregokitzeko: "Eskaera zabala dago, eta talde guztiek erabili eta gozatzeko berreskuratu gura dugu".
Mendibike elkarteko kideek erabakiaren aurka azaldu dira, eta Udalari erabakia berriz aztertzea eskatu diote. Oraingoz, irteera geldiarazten saiatzeko ekintzak abiatu dituzte, eta daborduko ia 1.000 sinadura bildu dituzte.
Txirrindulariek deitoratu dute Udalak hutsik dauden lokalak dituela, baina ez dietela bat eman nahi beste elkarteek ere eskatuko dizkietelako. Momentuz, ez dute beste protesta-ekintzarik baztertu, eta aurrerapausorik ez baldin balego ez dute epaitegietara joatea baztertu.