Gorlizko eraikin publikoak garbitzen dituzten langileen greba mugagabea bukatzea erabaki politiko baten araberakoa dela azaldu du ELA sindikatuak; izan ere, beharginek euren lan-baldintzak hobetzeko neurriak exijitzeko 300 greba-egun baino gehiago eta hainbat protesta egin ostean, akordio batera heldu dira enpresagaz.
Hala ere, adostutakoa indarrean sartzeko, 2022ko abuztuan iraungiko den kontratua ez luzatzea erabaki behar du Udalbatzak, horrek hiru aldiz hedatzeko aukera ematen baitu. Berrituko ez balitz, langileek eta enpresak adostutako doikuntzak beteko lituzkeen hitzarmen berria sinatu ahal izango luke gobernu-taldeak. "Dena guztiz legezkoa, bidenabar esanda", azpimarratu du ELA sindikatuak.
Hala ere, langileak aurrez aurre aurkitu dira alkatearen ezezkoagaz: "EAJk, alkatearen ahotan, esan digu udal-gobernuaren erabakia luzapena betearaztea dela". Beharginei "ulergaitza" egiten zaie luzapena ez gauzatzeko hainbesterako errezeloa izatea, kontuan izanda, "Udalak hainbatetan enpresa zigortu duela adostutako zerbitzua ez emateagatik eta jakinda enpresak ere interesa duela akordioa sinatzeko eta gatazkagaz amaitzeko".
Bestalde, Gorlizko Udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdiakaz ere elkartu direla azaldu dute langileek, eta, alde batetik, Gorlizko talde independenteak (GIG) beraien laguntza esplizitua eskaini die, eta, bestetik, maiatzaren 2an, EH Bildugaz izandako bileran erabakia jakinarazi aurretik "kontsulta batzuk egin behar zituztela" esan zietela jakinarazi dute, baina, oraindik, horien erantzunaren zain daudela azaldu dute.
Beraz, maiatzaren 26an, eguenean, egingo duten Gorlizko Udaleko osoko bilkuran erabakiko da auzia. "Kontratua ez berritzeko erabakia legeak ahalbidetzen duen irtenbidea izango litzateke, eta 2022ko ekainetik aurrera, Gorlizko udal-eraikinetako langileak eta garbiketa-zerbitzua normaltasunera bueltatuko litzateke", azpimarratu dute langileek eta ELA sindikatuak.