Gorlizko eraikin publikoak garbitzeaz arduratzen diren azpikontratako langileek uztailaren 1etik daramate greba mugagabean; besteak beste, ikastetxeak ez du garbiketa-zerbitzurik izan ikasturtea hasi zenetik. Aldez aurretik, pandemiaren hasi baino lehen, eta 2021eko apirilean, maiatzean eta ekainean ere lehen geldialdiak egin zituzten. Orain arte ez dutenez inolako akordiorik lortu langileek greba mugagabean jarraitzea erabaki dute.
Beraien eskakizuna da kale-garbiketaz arduratzen diren beharginen pareko soldata izatea; izan ere, salatu dutenez, bien arteko aldea 7.000 euroko da. Gainera, kaleetako garbiketaz arduratzen direnak gehienbat gizonak diren bitartean, deitoratu dute eraikinetako garbiketaz arduratzen diren langile gehienak emakumeak direla: "Erakundeek soldata-ezberdintasunari buruzko propaganda egiten dute, baina eten hori kentzeko aukera dutenean, ez dute onartzen administrazioak azpikontratutako zerbitzuakaz duten erantzukizuna".
Azaroaren 29an, langileak enpresagaz bilduko dira negoziatzeko. Gorlizko Udalari ere dei egin diote bilkura horretan parte hartzeko, baina deitoratu dutenez, alkatetzaren erantzuna ezezkoa izan da. "Udal inplikaziorik gabe ez da konponbiderik egongo", aldarrikatu dute beharginek.