Elkarrizketak

Juan Manuel Goikoetxea, 'Motores': "Udalerriak bizi izan duen bilakaera erakutsi dut liburuan"

Iker Rincon Moreno 2023ko ots. 9a, 09:18

Juan Manuel Goikoetxea, 'Motores', liburuaren azalaren irudia eskutan, inprentatik lana jaso aurretik.

Gorliz de ayer y hoy izena du Juan Manuel Goikoetxearen, Motores ezizenagaz gehiago ezagunaren, hirugarren lanak. Otsailaren 11n aurkeztuko du publikoki, Sertutxenan, Patxi Gale eta Mikel Lopez-Horgue ikerlariakaz batera. Horren aurretik, baina, obra horren inguruko nondik norakoak azaltzeko batu gara beragaz. Izan ere, dioenez, "gaur egungo Gorliz ez luke ezagutuko duela hainbat hamarkada berton bizi izan zen batek".

Bere jaioterriaz maiteminduta dagoen pertsona horietako bat da ingurukoek Motores bezala ezagunagoa duten Juan Manuel Goikoetxea. Horren erakusgarri da urteotan idatzitako bi liburuak: Para el recuerdo, Gorliz eta El sanatorio de Gorliz, 100 años, eta orain trilogia horri batuko zaion hirugarrena; Gorliz de ayer y hoy.

Otsailaren 11n, 12:30ean, Gorlizko Sertutxenan aurkeztuko du orain urtebete eta erdi abiatutako lan hori, eta bertan azalduko duenez, tokiko eta inguruko aditu askoren laguntza jaso du liburua osatzen duten "zuri-beltzezko eta koloredun argazkiez osatutako" 250 orrialdeak betetzeko. "Askotarikoek lagundu didate zeregin honetan: irakasle bat, tabernari bat, familia bat... Liburu hau horiena ere bada; izan ere, euren komentarioekin eta argazkiekin lagundu didate Bizkaiko Foru Artxiboan aurkitutako informazioa osatzen", azaldu du Goikoetxeak. 

Liburuaren titularrak dioen bezala, "lehengo eta gaur egungo Gorliz biak alderatzen ditut". 60ko hamarkadan oinarritu da batez ere, hirigintza aldetik udalerriak goitik beherako aldaketa bizi izan zuenean. "Garai hartan, tokiko baserriak eta txaletak galdu eta etxebizitza-blokeak agertzen hasi ziren. Garaiko batek ez luke gaur egungo Gorliz ezagutuko", dio egileak. Hala ere, bestelako gaiak ere landu ditu liburuan, hala nola Asoagan, Billano irlaren aurrean, topatutako dinosauroen aztarnak, Mandañuko Historiaurreko aztarnategia, elizaren ondoko nekropolia, eta tokiko itsas-gizonen kontakizunak, besteak beste.

Guztira, 200 liburu argitaratuko ditu, eta 20 euroan saldu, Lighthouse tabernan, batzokian eta La Moderna dendan, Sertutxena ondoan. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun