Bilboko Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegiak emandako epaiaren berri izan ondoren, Gorlizko Udalak ohar bat zabaldu du bere "harridura" eta horren ebazpenaren kontrakotasuna adierazteko. Izan ere, azaldu duenaren arabera, jazarritako udaltzaina babesteko prebentzio-neurri "nahikoak" hartu zituzten, "hasiera-hasieratik". Halaber, kasuaren jarraipena egin zutela azaldu dute.
Udalak jakinarazi duenez, 2019an izan zuten udaltzain biren arteko "lan-gatazkaren" berri. Horren aurrean, lan-giro "osasungarria" eskaintzeko asmoz, txanden aldaketa bat egin zuten, gizonezkoa eta emakumezkoa lan-ordutegietan bat ez etortzeko. "Udalak hartu duen lehenengo segurtasun-neurria izan zen, baina Udalak une horretan ez zekien laneko jazarpen-kasua izan zitekeenik", azpimarratu dute udal-arduradunek.
Urte bi geroago, 2021eko udan, Udaltzaingoaren zerbitzuaren beharrengatik txanda indartzearen ondorioz, pertsona bi horiek txandetako batean bat egin zuten berriro, eta, une horretan ere, emakumezko agenteak kexa bat helarazi zion Udalari, "ahoz, gizonezko lankide baten tratu iraingarriagatik". Hala, oharraren arabera, tokiko administrazioak kexa formal bat jartzera animatu zuen biktima, "diziplinazko administrazio-prozedura bat irekitzeko helburuarekin".
Urte bereko abuztuan, emakumearen partetik erantzunik jaso ez zutenez, "eta kasuaren jarraipena egiten jarraitzeko asmoz", Alkatetza jazarritako agenteagaz harremanetan jarri zen berriro ere, "babesa eta laguntza eskaintzeko, eta berriro ere kexa erregistratzera gonbidatzeko". Hala ere, Udalaren arabera, udal-langileak "ukatu egin zuen proposamena".
Hiru hilabete geroago, 2021eko azaroan, emakumezkoak baja eskatu zuen, hurrengo urteko otsailera artekoa. Hala ere, Udalak azaldu du ez duela gizonezko lankide baten aurkako lan-jazarpenagatik jarritako salaketaren berri izan, "ELA sindikatuaren bidez albistea jaso duen arte". Kontuak horrela, une horretan bertan, Udalak salaketaren kopia bat eskatu zion epaitegiari, "eta diziplina-espedientea ireki zen salatuaren aurka, legez, epai irmoa jaso arte ebatzi ezin dena".
Gertakari horien aurrean, eta prozesuaren une bakoitzean izan duten informazioaren ildotik hartutako prebentzio-neurriak kontutan hartuta, Gorlizko Udalak epaia goragoko instantzietara errekurritzeko "beharrean" ikusi du bere burua, eta ebazpena errekurrituko du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiko lan-arloko salan.
Udalak bere konpromisoa berretsi du berdintasunaren alde
Gertakarien kontakizuna zerrendatu ondoren, Gorlizko Udalak azpimarratu du emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak arbuiatzen dituela, "edozein adierazpen eta modutan". Era berean, adierazi gura izan du "uneoro errespeturik eta babesik handienarekin" jokatu duela kasuan inplikatutako pertsonakaz: "Udalak ahalik eta diskrezio handienarekin jokatzea erabaki du, kasuan murgildutako pertsonen intimitatea eta duintasuna babesteko. Horregatik, egindako jarduketa edo eginbide guztiak zuhurtziaz eta inplikatutako pertsona guztiak behar bezala errespetatuz egin dira".
Ildo horretan, Udalak azpimarratu du 2019az geroztik "berehala" hartu dituela egokitzat hartu dituen neurriak langilearen osasuna babesteko eskubidea bermatzeko.