Lau radar pedagogiko jarri ditu Gorlizko Udalak bide segurtasuna areagotzeko

Nahia Martinez Gondra 2023ko mar. 10a, 12:59

Gorlizko radar pedagogikoa.

Oinezkoentzat "seguruagoa eta atseginagoa" den herri bat eraikitzeko asmoz, Gorlizko Udalak daborduko martxan dauden lau radar pedagogiko jarri ditu udalerriko bi puntutan: horietako bi, Tribiñu kalean, eta beste bi, Mungia Bidean. Gailu horien xedea da herritarrei informazioa ematea, haiek jabetu daitezen zein  abiaduratan zirkulatzen duten. Hauek erosteko eta instalatzeko 11.671 euroko inbertsioa egin du Udalak. 

Radar pedagogikoetan erregistratutako datuak ez dira isunak edo zehapenak jartzeko erabiliko, ez baitira matrikulak identifikatuko. Radarrek ibilgailuaren abiadura erakusten duen pantaila bat dute, zeinak zehazten duen ea ibiligailuek 30 km/h-ko abiadura gainditzen duten ala ez.

Gorlizko alkate Nagore Utxupik azpimarratu du neurriaren xedea dela Gorliz seguruago bat eraikitzea: “30 km/h-ko muga duten eremu horietan dabiltzan ibilgailuen abiadura murriztea eta abiadura mugaren errespetua eta kontzientzia sustatzea da helburua.  Gorliz seguruagoa izatea nahi dugu guztiontzat".

Izan ere, oinezko batek harrapaketa batean bizia galtzeko aukera, besteak beste, jotzen duen ibilgailuaren abiaduraren araberakoa da. Hainbat ikerketaren arabera, 20 km/h-ko abiaduran, harrapaketen % 4 hilgarriak dira; ehuneko hori % 9ra igotzen da 30era; eta  % 25era, 40ra. Halaber, 50 km/h-ko abiaduran, bizia galtzearen ehunekoa % 83koa da, eta 60 km/h-koaren kasuan,  ia % 100ekoa. 

Utxupik gogoratu duenez, radarrek eguzki-panelen bidez funtzionatzen dute, energia berriztagarria baliatuz. Hala, "tokiko gobernuak energia eraginkortasunaren eta udalerri jasangarri baten eraikuntzaren alde" egiten duela baieztatu du.

Era berean, adierazi du radarrek hainbat datu jasoko dituztela, hala nola pasatzen diren ibilgailuen kopurua eta haien zirkulazio abiadura. Horrela, Udalak hainbat estatistika edukiko ditu radarrak birkokatzeko aukera baloratu ahal izateko, eta egunen baten puntu horietan beharrezkoak ez direla ikusten bada, etorkizunean premia handiagoa izan dezaketen beste gune batzuetara lekualdatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun