Ekaitz Pau Altuna izango da Gorliz Bizirik herri-plataformako alkategaia

Iker Rincon Moreno 2023ko api. 12a, 17:25

Maiatzean Gorliz Bizirik-ek aurkeztuko dituen hautagai batzuk. © GORLIZ BIZIRIK

"Herriaren bizitza berpizteko" eta "herritarron interesak defendatzeko" programa osatu du Gorliz Bizirik izeneko herri-plataformak, "indarra herritarrongan dagoelako". Datorren maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetarako talde horretako hautagaien zerrendaburua Ekaitz Pau Altuna izango da eta, sareetan zabaldu dutenez, "ilusioz esan dezakegu herriko aurpegi ezagunak garela". 

Plataformak azaldu duenaren arabera, gorliztarrentzat lehentasunezkoak diren ideiak biltzen aritu dira, eta, horri esker, haien proiektua "asmo handikoa da, baina errealitatez eta ilusioz beteta". Egunotan eman du taldeak bere hautagaien berri, eta horien buru izango da udal-hauteskundeetan Ekaitz Pau Altuna. Gainontzeko 14 zerrenda-kideak "herriko aurpegi ezagunak" direla iragarri dute, eta, tartean, gaur egun zinegotzi diren Gorlizko Independenteak Taldeko (GiG) hiru kide daude: Iban Perez, Inmaculada Arco y Joseba Santamaria.

Euren programaren berri emateko, auzoz auzo bilerak egingo dituztela iragarri dute arduradunek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun