Zeintzuk dira zuen programaren ardatzak?
Programan azpimarratutako hurrengoak dira gure ardatzak: ideiak, gazteak, kultura, kirolak, etxebizitza, mugikortasuna, eta trantsizio ekologikoa. Hala ere, egiteko era da guretzat garrantzitsuena: "elkarrekin egingo dugu" esaten dugu parte hartzea errotik sustatzeko helburua dugulako, izan ere, orain arte egin ez den moduan gobernatzea da ideia. Laburbilduz, ardatza da pertsonak erdigunean jartzea eta tresna-politikoa komunitatean egitea.
Zeintzuk dira, zuen ustez, Gorlizek dituen arazo nagusiak?
Herriak arazo ugari ditu: etxebizitzaren afera oso agerikoa da; kultura eskaintza pobrea da, izan ere, gazteek ez dute eskaintza handirik; kiroldegia itxi dute, eta, egun, edozein instalazio erabiltzeko ordaindu behar da. Horretaz gainera, mugikortasuna ere arazo larria da eta garraio publikoari ez zaio garrantzirik eman.
Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?
Guk neurri zehatzak ditugu arazo bakoitzari aurre egiteko. Ez da filosofia bakarrik; ez dugu gure esku ez dauden proposamenik egin. Gure proposizioak hurrengoak dira: kirol-arloan, kiroldegia berriro zabaltzea; kultur-arloan, programaziorako Udal langile bat kontratatzea; eta, azkenik, etxebizitza-arloan, gune "tentsionatuak" izendatzea eta eskubide sozialen bulegoa zabaltzea Plentziarekin batera.
Prest al zaudete beste alderdiakaz itunak sinatzeko?
Beti egon gara prest sinatzeko, berez, legealdi honetan jada itunak sinatu ditugu. Baina batzuek sinatutakoa segituan ahaztu dute eta beste batzuek desleialtasunez jokatu dute. Ez zaigu berriro gertatuko. Hala ere, lanerako prest daudenekin akordioetara heltzeko ez dugu arazorik.
Zergatik bozkatu zuri eta ez beste hautagai bati?
Ez da niri bozkatzea, baizik eta nirekin bat datorren taldea aukeratzea da. Gorlizen EH Bildu bozkatu behar dute herritarrek konpromisoa erakutsi dugulako urteetan zehar, ilusioa eta eskarmentua dugulako, eta, gure proiektua hoberena delako. Azken finean, herria aldatzeko berme bakarra garelako.
Hautagaitza honen programa osoa ikusteko, sakatu hemen.