Javier Sanz Tellitu, PP: "Zergak, tasak eta prezio publikoak jaitsiko ditut, ekonomikoki hazi ahal izateko"

Erredakzioa 2023ko mai. 25a, 12:15

Javier Lanz Tellitu, Gorlizko PP alderdiko alkategaia. © PP GORLIZ

Javier Lanz Tellitu da Gorlizko PP alderdiak aurkeztutako alkategaia domeka honetako maiatzak 28ko udal-hauteskundeetarako. Hautagai gazteak argi du bera dela "Gorlizek behar duen aldaketa", eta, horregatik, beragaz elkartu gara udalerriaren etorkizuna hobetzeko egindako proposamenen berri izateko.

Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?

Zergak murriztea, Gorlizen bizimodua hobetzea eta, jakina, Gorliz erreferentziazko udalerri bihurtzea. Betiere, herritarren proposamenak kontuan hartuko ditugu, horri esker udalerria hobetu ahal izateko.

Zeintzuk dira zuon ustez Gorlizek dituen arazo nagusiak?

Uda pasatzeko udalerria da eta ekonomikoki aktiboa izaten hasi behar du. Hala ere, uste dut etorkizun handiko udalerria dela. Jakina, Gorlizko udaldia ere gehiago sustatu behar dugu, tokiko ekonomia aktibatu ahal izateko.

Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?

Zergak, tasak eta prezio publikoak jaitsiko ditut, ekonomikoki hazi ahal izateko. Halaber, udalerrian erroldatutako merkatariak lagunduko ditut tokiko merkataritza indartzeko eta ekintzaileei laguntzak emateko. Lehen esan bezala, Gorlizeko udaldia ere aktibatuko dut tokiko ekonomia sustatuz.

Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?

Bai, baina betiere ziurtatuz udalerriaren onerako dela, egun eta etorkizunari begira.

Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?

Uste dut nire hautagaitzak aire berri bat dakarrela Gorlizko udalerrira. Izan ere, 10 urte baino gehiago daramatzagu EAJren proposamenetan harrapatuta, eta Gorlizek ez du lortu erreferentziazko udalerria izatea inguruan. Aldaketa bat behar dugu, eta, aldaketa hori, ni naiz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun